URIOLA.INFOren aurkezpena

Abian da uriola.info, Bilboko agerkari digitala

uriola.eus 2014ko ots. 26a, 21:46

Mahatserriko Berton aldizkariak, Deustualdeko Prest! aldizkariak eta Bilbo Hiria Irratiak, TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen laguntzaz, uriola.info sortu dute. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dute egitasmoa, eta bilbotar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

Pauso bat harago

TOKIKOMeko presidente kargua utzi berri duen Mikel Irizarrek azpimarratu duenez, “gaurkoa oso data pozgarria da guretzat, TOKIKOMentzat estrategikoa baita Bilbo bezalako hiriburu batean tokiko hedabide indartsu bat egotea. Berton, Prest!ek eta Bilbo Hiria Irratiak lan handia eta beharrezkoa egiten dute gaur egun, baina Uriola pauso bat harago doa, Bilboko euskaldun guztiei komunikazio tresna paregabea eskainiz”.

 Uriola.info webgunea atontzeko, sustatzaileek TOKIKOM plataforma erabili dute. Plataforma hori TOKIKOM eta CodeSyntaxen artean garatu dute, eta honezkero beste lau webgunetan ikus daiteke martxan: ataria.info, guaixe.net, goiena.net eta anboto.org. Sistema honekin, edukiak ez ezik, teknologia bera ere partekatu dezakete toki komunikabideek, inbertsioak askoz ere eraginkorragoak eginez.

 

Izaera irekia eta parte hartzailea

Prest! eta Berton aldizkarien arduradunak, Lur Malleak, eta Bilbo Hiria Irratiko Jabi Zabalak webgunearen ezaugarrien berri eman dute. Erredakzioak landutako gaiez gaien, Uriolak tarte zabala eskaintzen dio Komunitateari, hots, irakurleek bidalitako edukiei.

 Uriolaren helburuetako bat Bilboko euskaldunak aktibatzea da, eta hori lortzeko, ezinbestekoa da izaera irekia eta parte hartzailea izatea. Elkarteek, kirol taldeek, eragile sozial eta politikoek, erakundeek, norbanakoek… Uriolaren ateak zabalik daude zeresana duten bilbotar guztientzat, baldintza bakar batekin: esan behar duten hori euskaraz adieraztea. “Uriolaren zeregina ez da soilik albisteak ematea, baizik eta Bilboko euskaldunak animatzea, kontatu behar dutena konta dezaten, hori da modu bakarra Bilbo bezalako hiri handi batek eman dezakeen informazio guztira heltzeko”.

Uriolaren sustatzaileek lan handia egin dute asteotan Komunitatea hainbat eragileri aurkezten, eta emaitza argia da. Webgunearen Komunitatea atalean sartuta, era guztietako talde eta norbanakoak ageri dira partaideen artean: konpartsak, elkarteak, mendi taldeak, bertso-eskolak, hedabideak… 20 taldek eta 40 norbanakok onartu dute jadanik Uriolako kide izateko gonbidapena. Dena den, ateak zabalik jarraituko du, eta parte hartu nahi duenak webgunean izena ematea baino ez dauka, erabiltzaile berria sortuz edo Twitter zein Facebook bidez sartuta.

 

Erlazionatuak

Uriola Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi (TOKIKOMeko zuzendaria) 2014 ots 26 Bilbo 1