Koadroak, dominak, izendapenak... "ugari" dira 2007ko Memoria Historikoaren Legearen arabera Bilboko Udalak erretiratu behar zituen ikurrak. Horregatik "legea betearazteko" baino ez diote eskatu udal gobernuari Frankismoaren Krimenaren Aurkako Euskal Plataformako kideek.
Udalbatzarreko Osoko Bilkurak, azkenik, Bilboko alkate guztien margolanak orain dauden lekutik kendu eta beste leku batean kokatzea erabaki du EAJ eta PSOEren adostasunarekin. Erakusgai jartzen direnean udal agintariak zein testuingurutan izendatuak izan ziren zehaztuko da eta gerra zibil eta diktadura garaiko alkateak "legez kanpoko" izendatu gisa azalduko dira. Koadroen esanahia berrikusteko proiektua martxan jarriko da udal gobernuaren erabakiz.
Frankismo garaiko alkateen irudiak udaletxetik kentzeko EH Bilduren mozioa ez da onartua izan, ondorioz. Eztabaidaren hasieran, Bilduko Aitziber Ibaibarriaga prest azaldu da mozioa bertan behera uzteko baldin eta Gobernu batzordeak alkate frankisten galeria hilabete baten buruan kentzeko konpromisoa hartzen bazuen. Baina proposamen hori ere ez du Udalbatzarrak haintzat hartu.