Bilboko Zazpikaletako eta Baztango Bertan Merkatari elkarteek kanpaina bateratua egingo dute

uriola.eus 2014ko ots. 27a, 12:54
Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilbo eta Baztango ordezkariak otsailaren 26ko aurkezpenean. (Argazkia: Pello San Millan, TTIPI-TTAPA)
Euren bezeroen fideltasuna sarituko dute bi lagunentzako hamarna asteburu zozketatuz.

Bizkaia eta Nafarroako bi komunitateak batzen dituen lehenengo merkatari eta turismo kanpaina aurkeztu zuten otsailaren 26an Bilbon. Hain zuzen, Bilboko alde Zaharreko Zazpikaletako eta Baztango Bertan merkatari elkarteek bat egin dute kanpaina honetan eta euren bezeroen fideltasuna sarituko dute bi lagunentzako hamarna asteburu zozketatuz.

Kanpainaren aurkezpenean, Nafarroako Merkataritza eta Turismo zuzendari orokorra den Carlos Erce, Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Jon Andoni Zarate, Baztan eta Bilboko udal ordezkariak eta kanpaina honen antolatzailea eta sustatzaile diren merkatari elkarteen ordezkariak izan dira.

Baztango landa merkataritza eta Bilboko hiri merkataritza eskutik helduta aurrekaririk ez duen kanpaina honen bidez eskerrona erakutsi nahi diete etxetik hurbil dauden saltokietan erosi eta kontsumitzen dutenei, «eurei esker betiko merkatariek lanean jarrai baitezakete eta kaleetako bizitzak jarraitu egiten du».

Bi elkarteek euren bezeroen leialtasuna sarituko dute bi lagunentzako hamarna asteburu zozkatuz. Astero (martxoaren 11, 18 eta 25ean eta apirilaren 1ena eta 8an) bi boleto aterako dira elkarte bakoitzean aste guztian jasotako boletoen artetik. Elkarte bakoitzak saritutako 10 boleto aterako ditu, hau da, guztira 20 sari banatuko dira kanpaina honetan, 10 Bilbon eta 10 Baztanen.

Sarituen izenak bi elkarteen web orrietan argitaratuko dira. Zazpikaletako Merkatari Elkarteak bi lagunentzako 10 turismo sortek Baztango landa etxe batean ostatua, afaria eta bisitaldiak dituzte barne. Baztango 10 sarituek, berriz, bi lagunentzako Bilboko hotelean ostatu, afaria eta bisitaldiak jasoko dituzte.

(Testua: TTIPI-TTAPA aldizkaria)