“Foro Global 2014” gailurra ospatuko da Guggenheim museoan astelehenean, eta bertan elkartuko dira munduko enpresa eta finantza erakunde nagusien ordezkariak; Europako Batzordeko ordezkari ezberdinekin batera. Eragile sozial eta sindikalek protestak deitu dituzte krisiaren aitzakiarekin herritarren eskubideetan egin dituzten murrizketak salatu eta bestelako gizarte eta ekonomia eredu baten aldeko aldarrikapena zabaltzeko.
Igandean, martxoaren 2an, 12:00etan, manifestazioa deitu dute CCOO, UGT eta USO sindikatuetako kideek Jesusen Bihotzetik abiatuta. Ondoren, 15:00etatik 19:00etara, EH Bilduren nazioarteko topaketak egongo dira Zabalguneko merkatuan. Horietan Syriza (Grezia), Sinn Fein (Irlanda), Bloco de Esquerda (Portugal), UDB (Bretania), Sinistra Ecologia Liberta (Italia), Die Linke (Alemania) eta BNG-ko kideek hartuko dute hitza.
Martxoaren 3an, Goi Bileraren egunean, Gune plataforma osatzen duten eragile sozial eta sindikalek martxak deitu dituzte 10:00etan; zutabeetan aterako dira Jesusen Bihotzetik eta Arriagatik Guggenheimera. Arratsaldeko 16:30ean, Mertxe Larrañagak (EHUko irakaslea), Yayo Herrerok (Madrilgo antropologo sozial eta kulturala, ekologista aktibista) eta Iñaki Morenok (Karta Sozialaren talde sustatzaileko kidea) hitzaldia emango dute EHUko Paraninfoan. Bukatzeko, 19:00etan, Manifestazioa abiatuko da Euskadi Plazatik (Iberdrola Dorrearen ondoan).
Gune plataformaren deialdiak
Atzo Gune plataformako lagunek agerraldia eskaini zuten asteleheneko deialdien berri emanez. Prentsaurrekoan Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak, martxoaren 3a “Euskal Herriaren benetako argazkia zein den erakusteko eguna” dela aldarrikatu zuen, “munduko espekulatzaileek inposatzen diguten ereduari buelta emateko, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko bere bidea egin nahi duen herri baten aurrean daudela erakusteko eguna”.