Garraio publikoaren hutsune nagusiak landu ditu Auzo Elkarteen Federazioak

uriola.eus 2014ko mar. 11a, 11:19

Bilboko eta inguruetako garraio publikoaren gaineko diagnostikoa aurkeztua du gaur goizean Auzo Elkarteen Federazioak. Beste behin, autoritatearen eta billete bakarraren beharra dagoela azpimarratu dute La Bolsan egindako agerraldian.

2008an Garraio Publikoaren Liburu Zuria sortu zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak. Horretan, 2003-2007 urte bitartean garraioak izandako garapena landu zuten eta oraingoan, datu horiek berritu behar izan dituzte egoeran aldaketak eman direlako.

Diagnostiko berri honetan, 2003tik 2012ra jazo diren zifren laburpenak frogatzen du, lau milioi eta erdiko bidaiariren murrizketa egon bada ere, txartelen salneurriak mantendu egin dituztela. Elkarteko kideek salatu dutenez, hau horrela izan da KPIak gora egin duelako eta “enpresa pribatuen etekinak bermatzeko beharra zegoelako”.

Bestalde azpimarratu dute, denbora tarte horretan garraio publikoaren erabilerak krisiagatik eta ibilibideen prezioagatik egin duela behera. Gauzak horrela, hainbat proposamen mahaigaineratu dituzte garraio publikoa koordinatu ahal izateko. Autoritate bakarraren alde agertu dira, hau da; garraiobide publiko guztientzat osagarria izango den plangintza bat eskatu dute; eta billete bakarra berehala aplikatzea, garraiobide ezberdinak erabilita ere, ibilbide beragatik prezioak berdinak izatea exijitu.