Bilboko Herriko Tabernei babesa helarazteko elkarretaratzeak gaur

uriola.eus 2014ko mar. 12a, 15:28
Mobilizazioak deitu dituzte gaur, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Herriko Tabernen aurrean, 35/02 sumarioaren epaiketaren amaieragatik. Horretan, Ezker Abertzaleko 36 lagun eta 110 Herriko Taberna epaituak izan dira.

Bost hilabeteren ondoren, gaur bukatu da Auzitegi Nazionalean 35/02 epaiketa. Sumarioa berez, Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen 2002an eta 11 urte itxaron dituzte epaiketa burutzeko. 2002an legezkoak ziren Ezker Abertzaleko erakunde politikoetako buruzagi edo kide izatea egozten diete epaitutako pertsonei, esaterako Herri Batasuna, Batasuna edo Euskal Herritarrok alderdietakoak; baita kultur, kirol zein gastronomia elkarteen zuzendaritzan egotea ere.

Guztira ezker abertzaleko 36 lagun eta 110 Herriko Taberna izan dira epaituak. Hasiera batean Fiskaltzak 8 eta 12 urte bitarte kartzela zigorra eskatu zuen auziperatu guztientzat. Orain, bederatziri eginiko akusazioa erretiratu du eta beste guztiei, 2-6 urteko espetxealdia eskatzen die.

Epaiketa bukatzearekin batera elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herriko hiri eta herri askotan. Bilbon, gaur arratsaldean, 19:30ean, mobilizazioak egingo dira hainbat Herriko Tabernatan; Meatzan (Abusu), Errondabiden (Zazpi Kaleak), Goizalden (Bilbo Zaharra), Deustun, Kirrulin (Indautxu), Artaganen (Santutxu), Uribarri elkartean eta Askabiden (Zorrotza), besteak beste. Otxarkoagako plazan ere elkarretaratzea egingo dute bertako auzokidea baita Jon Martinez auzipetua.