Erasoak, delituak eta istripuak saihesteko asmoz, Bilboko Udaleko Segurtasun Sailak topaketak antolatu ditu hiriko adinekoen eta emakumeen hainbat elkarterekin. Topaketa horietan, besteak beste, larrialdi egoeretan jokatzeko aholku eta jarraibideak eman eta hiritarren kezkei erantzun nahi die Udalak.
Lehen topaketak, adinekoekin
Lehen topaketak aste honetan bertan hasi dira, eta Udala materiala bidaltzen hasi da adinekoen elkarteetara. Kolektibo hori bereziki ahula egiten duten egoera arriskutsuak saihesteko aholkuak jasotzen ditu materialk, adibidez, iruzurrak, etxeko lapurretak eta ‘indarrez tiratzeak’.
Horrela, aholkuak gai hauei buruzkoak izango dira:
- Nola saihestu lapurretak herri bidean edo banketxean, eta zer egin egoera horietako baten bateko biktima izanez gero.
- Zer egin oporraldietan edo luzaroan etxetik kanpo egonez gero.
- Etxebizitzetan lapurretarik ez izateko eta hurrengo kasuetan zer egin jakiteko aholkuak: lapurra etxean sartzea, atea bortxatuta aurkitzea, edo auzoko baten etxean susmagarria den zer edo zer ikustea.
- Tratu txarrik eta abandonuko egoerarik ez edukitzeko bideak eta zer egin edo nora jo gure inguruko norbait horrelako egoera sufritu dezakeela uste izanez gero.
- Nola saihestu etxeko istripuak eta suteak, eta nola erabili zuzen sendagaiak.
- Bide-segurtasuneko arauei lotutako aholkuak eta erortzeak saihesteko neurriak.
Emakumeentzako aholkuak
Segurtasun Sailak emakumezkoen artean ere identifikatu du arrisku taldea, eta horregatik emakumeen elkarteetara ere joko du bereziki. Bilboko Auzoetako Hiri Behatokia. Analisia, generoaren ikuspuntutik 2013ko txostenaren arabera, emakumeek kaleetako segurtasuna eta zainketari buruzko kezka berezia dute.
Bilboko Emakumeen Kontseiluak ere prebentzio eta zaintza lanak eskatu zizkion Udalari 2012an,
Debekatutako Hiriaren Mapa prestatzeko lanen testuinguruan, eta ekimen honek eskari horri ere erantzun nahi dio. Hala, emakumen elkarteei zuzendutako materialean honako alderdiak jaso ditu Segurtasun Sailak:
- Sexu-erasoak saihesteko aholkuak. 2013an Bilbon sexu-askatasunaren aurkako delituak % 33,3 murriztu badira ere, alarma sozial handiena sortzen duten delituetako bat izaten jarraitzen dute. Gauzak horrela, sexu-erasoak saihesteko edo salatzeko jarraibideak eskainiko dira.
- Etxebizitzetan lapurretarik ez izateko eta hurrengo kasuetan zer egin jakiteko aholkuak: lapurra etxean sartzea, atea bortxatuta aurkitzea, edo auzoko baten etxean susmagarria den zer edo zer ikustea.
- Nola saihestu indarkeriaz egindako lapurretak atarietan edo herri-bidean.
- Zer egin oporraldietan edo luzaroan etxetik kanpo egonez gero.
- Nola jokatu genero-indarkeriako kasuetan. Genero-indarkeriako biktimak diren emakumeei arreta egiten dieten baliabideen helbideak eta telefono-zenbakiak eskainiko dira. 2013an delitu hori % 5,5 murriztu bazen ere, prebentzioa lehentasunezkoa da.
Udalak gaztelaniazko eta euskarazko berariazko 10.000 liburuxka argitaratu ditu, gure hiriko 80 elkarte ingurura bidaltzeaz gain, udalaren webgunetik ere eskura daitezkeenak. Esperientzian parte hartu nahi izanez gero, halaxe eskatu daiteke Udaltzaingoaren telefonora deituta: 944 204 991. Arloko hitzaldia jaso nahi izanez gero, telefono horretara deitu behar da.
Liburuxkak zuzenean deskargatzeko: