“BBVAk 2.228 miloiko irabazi garbiak izan zituen 2013an, aurreko urtean baino %33 gehiago”, LABeko kide Marijo Romerok adierazi duenez. “Langabeziara, prekaritatera eta txirotasunera zigortu nahi gaituzte, betikoak aberastu daitezen”.
Datuak eskaini dituzte euskal gizartearen pobretzearen berri emateko. Kasuen %60 Bizkaiari dagozkio, Bilbo izanik txirotasun maila handiena duen herria, 2012ko Gizarte Desberdintasun eta Pobretze Inkestaren arabera. Errekaldeko Kaleratzerik Ez! plataformako kide Kontxiren esanetan, egungo egoera “dekretu-kolpeekin gobernatzen duten neurri politikoen ondorio zuzena da. “Zero defizitaren edota austeritate politiken ondorio”. Krisi garaian agintarien jarrera gogor kritikatu du, “bankuen interesak lehenesten dituzte gizartearen beharrizanen aurretik”.
Joan den asteko Troikaren bisita Bilbora testuinguru horretan kokatu du Kontxik. Espainiako erregeak, Urkullu lehendakariak, Luis de Guindos ministroak eta Mariano Rajoy presidenteak “morrontza” erakutsi zioten Troikari. “Kapitalaren aginduak eta nahiak betetzeko” konpromisoa azaldu zuten. Horrela, “gero eta jende gehiago langabeziara eta txirotasunera zigortuko duen politika baztertzaileak ezarriz”.
Troikaren bisitatik 24 ordura, etxe kaleratze aginduari aurre egin zion Santutxuko familia ere izan du gogoan Gune plataformak mobilizazio herritarrarekin alternatibak lor daitezkeela ikusarazteko. “Gero eta gehiago garelako pentsatzen dugunok errealitatea ez dutela merkatuek zehaztu behar, pertsonok baizik; halaxe jakinarazi genien astelehenean mobilizazio jendetsu baten eta asteartean derrigorrezko etxegabetzea geraraziz. Hortaz, sor eta egin ezagun gure bidea".
Plaza Biribilean ordu erdiz kontzentratu ostean, RENFEko geltokira hurbildu eta AHTra bideratutako dirua gizarte laguntzetara zuzentzeko eskatu dute. Bilbotik Barakaldora trena hartu dute ondoren eta handik Santurtzi eta Sestaora abiatu dira Ezkerraldeak bizi duen egoera latza salatu asmoz.
Euskal Herrian zeharkaldia
Otsailaren 3an jakinarazi zuen Gune Plataformak, martxoaren 11tik 22ra, pobreziarekin amaitzea aldarrikatuko zuen martxa egingo zuela Euskal Herrian barrena. Astelehenean abiatu zen Ermutik “Nos arrastran al empobrecimiento y la precariedad. Euskal Herriak bere bidea” lelopean eta hilaren 20an Iruñean burutuko den manifestazio eta ekitaldiarekin emango zaio amaiera.
Dagoeneko Ermura, Zornotzara, Gernikara, Durangora, Bermeora, Erandiora eta Areetara zabaldu dute prekarietatearen aurkako aldarria eta gaur Santurtzi, Sestao, Barakaldo eta Bilboren txanda izan da.
Martxa honetaz gain, Gune Plataformak furgoneta martxa bat ere antolatu du. Arrasatetik atera zen asteartean eta Iruñeara helduko da hilaren 20an; gaur Donostian izango da. Deialdi guzti hauetaz gain, Gune Plataforma Madrilen izango da martxoaren 22an, duintasunaren alde egingo den manifestazioan parte hartzeko.