Ostegunean, maiatzak 15, beteko dira 25 urte Espainiako Gobernua preso politikoen sakabanaketa era "orokor, sistematiko eta kolektiboan" aplikatzen hasi zela. Urteurrenaren harira elkarretaratzeak deitu dituzte senideen elkarteak Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean. Bilbon, Moyua plazan izango da hitzordua 12:00etan.
Txente eta Inma
San Inazioko Txente Askazibarrek 72 urte dauzka. Egun, Topaseko (Salamanca) espetxean dago preso. “Adinagatik” eta adinari loturiko “hainbat osasun arazogatik” eskatu du jada bere hurbilketa Euskal Herriko espetxeetara. Inma Berriozabal santutxuarrak, berriz, “hainbat gaixotasun ditu” eta bere osasun egoera kartzelan kudeatzea “zaila” da. A Lamako kartzelan preso dago, Pontevedran. “Jarraipen berezia” behar du Inmak eta kartzelan jarraipen hori “ez zaio ematen”. 2011n, esaterako, jaso behar zituen botikak jaso ez zituelako, bere egoera “asko okertu zen”.
Biak ala biak 18/98 sumarioaren baitan epaitu eta zigortu zituzten. Sei urte pasatxo daramate preso eta zigorarren hirulaurdenak beteta, aske egon beharko lukete.
Tokian tokiko kartzelako Tratamentu Batzordeari helarazi diote Askazibar eta Berriozabalek hurbilketa eskaera. Aztertu eta baloratu ostean, Kartzela Erakundeek, sei hilabeteko epemuga, izango dute eskaera onartu edo ukatzeko. Tramitazioa “lege barruan egin denez, legeak ezartzen dituen baldintzekin, erabakia baiezkoa izan behar da”, Manzisidorren esanetan.