Alkate kargua hartu du Ibon Aresok

uriola.eus 2014ko mar. 28a, 08:52

Udaletxean eguerdian egin den osoko bilkuran izendatu dute Ibon Areso Bilboko alkate. Iñaki Azkuna hil eta hurrengo egunean, joan den ostiralean, Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Batzarren Artekoak "aho batez" hautatu zuen Areso Azkunaren ondorengoa. "Alderdikeria gabeko Bilboren mesedetan" elkarrizketarako prest agertu da Areso bere lehen hitzaldian.

Bere alderdiko kideen 15 botorekin eta oposizioko 14 boto zurirekin izendatu dute Ibon Areso Bilboko alkate ezohiko udalbatzarrean. Hiriko ordezkari nagusiari dagozkion aginte makila eta urrezko domina jaso ditu txalo artean. Hitza hartu duenean, Aresok "mina" aipatu du, Azkunaren galeragatik, baina "ohorez eta harrotasunez" aurreratu du burutuko duela "hark disienatutako agintaldia". Bere lehentasunen artean "enpleguaren sorrera" eta "pertsonen zainketa" kokatu ditu, eta "elkarrizketarako eta kolaboratzeko borondatea" azaldu du "alderdikeria gabeko Bilboren mesedetan".

Udal gobernuaren antolaketak aldaketak izango ditu aurrerantzean. Ibon Areso alkate berriaren ondoko kargua, lehen alkateorde postua, Ibon Bengoetxeak beteko du -orain arte bigarren alkateorde- eta Jose Luis Sabasek bigarren alkateordearen lekua.

Ibon Aresok lasaitasun mezua zabaldu nahi izan die bilbotarrei. Iñaki Azkunaren faltak udal gobernua ez duela kolokan utziko azaldu du berriki. "Gobernu hau eskarmentu handikoa da" eta udal organigraman burututako aldaketak bere izendapenak sortutako hutsuneak betetzera mugatzen direla adierazi du.

Ibone Bengoetxea gora

Aurrerantzean Bengoetxea bera izango da EAJ alderdiaren bozeramale Bilboko Udalean eta Udalko Presidentzia eta Kontratazio Mahaiko buru. Hortaz, bera da Aresorekin batera Bilboko Udalean pisu gehien duen politikaria. Ardura berriei eusteaz gain, aurretikoei ere eutsiko die Bengoetxeak, hala nola, Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzi karguari eta EUDELeko presidente karguari.

Bestalde, Eduardo Maizek hartuko du Aresok utzitako Hirigintza Saileko ordezkaritza -Udal Etxebizitzen ardura izaten jarraituko du- eta Juan Felix Madariagak Gizarte Ongizatearena.

Areso, 23 urtez zinegotzi izan ostean alkate

Urriaren 7an hasiko du EAJk 2015eko udal hauteskundeetarako hautagaien aukeraketa prozesua eta bien bitartean, legealdia bukatu arte izango da Areso Bilboko alkatea. 70 urte ditu eta 23 daramatza zinegotzi gisa.

Ostiralean, martxoaren 21ean, EAJk Sabin Etxean egindako agerraldian, Itxaso Atutxa BBBeko presidenteak azaldu zuen, Areso ez dela solik Azkunaren alter egoa izan, "aurreko alkateena ere izan dela". Bere hitzetan, Ibon "aldi honetan guztian izan da Bilboko eraldaketaren hari eroalea". Alfonso Gil PSEko bozeramalea Aresorekin akordiotara heltzeko prest agertu da, nahiz bere alderdiak eta EAJk "proiektu desberdinak izan". Aitziber Ibaibarriagak, EH Bilduko zinegotziak, Aresoren izendapena "agortutako eredu baten jarraipena" dela mahaigaineratu du eta PPko Cristina Ruizek "Azkunaren hutsune handia" nabarmendu ostean, bere taldeak oposizio "arduratsu, serio eta oinarriduna" egiten jarraituko duela iragarri du.