Maiatzaren 24an izango da Bilboko Triatloiaren IV. edizioa

uriola.eus 2014ko mar. 25a, 12:07

Ura Agentziaren Flicker kontutik hartutako argazkia
Ibilbide gogorra izango du aurten ere Bilboko triatloiak, aurreko urteko berdina hain zuzen ere, gaur jakitera eman dutenez. Dagoeneko 500 lagunek eman dute izena triatleten artean errotuta dagoen proba honetarako. Aurreko urteko arrakastari erreparatuz, bigarren urtez, Bilbao Training Week egitasmoa prestatu dute apirilaren 7tik 12ra.

Lehiaketa 13:30ean hasiko da, triatletak Udaletxearen parean ibaira botako direnean. Handik Salbeko zubirainoko bidea igerian egingo dute, buelta eman eta ibaian gora etorriko dira Areatzara arte. Areatzan lehenengo trantsizioa egingo dute.

Bizikletako tartea Areatzan hasiko da eta kirolariek itzuli bi egingo dizkiote 45 kilometroko ibilbideari (1.167 metroko desnibel metatua), Etxebarriako parkeranzko bidetik Galdakaorantz egingo du bideak eta Elorritxueta eta Artxanda igoko dituzte.

Probaren azken zatian, parte-hartzaileek hiru itzuli emango dizkiote Ibaiaren ertzetatik joango den zirkuituari; Areatzan hasi eta amaituko da zirkuitua, eta hantxe egongo da helmuga.

Bilbao Training Week-en II. edizioa

Bilbao Triathlonek bigarren aldiz antolatuko du Bilbao Training Week egitasmoa. Apirilaren 7tik 12ra bitartean izango dira nutrizioari eta entrenamenduei buruzko jardunaldi eta hitzaldiak; eta amaitzeko ‘Training Days’ delakoa egingo dute. Iaz ia 400 kirolarik parte hartu zuen hitzaldietan eta Bilboko ibaian eta Elorritxuetako igoeran egin ziren entrenamenduetan.