Saskibaloiaren zirrara Bilbon, Munduko Kopako 'Road Show' karabanaren eskutik

uriola.eus 2014ko mar. 26a, 10:39

Bilbok eta Barakaldok saskibaloiaren zirrara bete-betean sentituko dute datozen egunetan, FIBA 2014 Saskibaloiko Munduko Koparen promozioa egiten duen ‘Road Show’ karabana bertara iritsiko baita. Egitarauko jarduera nagusien artean daude, besteak beste, torneoak, hirukoen lehiaketak, ikasleentzako jarduerak, haurrentzako puzgarriak edota hastapen eskolak emakumeen saskibaloiko zenbait izarrekin, hain zuzen ere kirol horretan estatuko emakume jokalari hoberentzat jotzen den Amaya Valdemororekin, nazioartean aintzatespen handia duen Elisa Aguilarrekin eta Isa Sánchez selekzio absolutuko jokalari ohiarekin.

Saskibaloiaren giro bikaina Bilbon izango da, Itsas Museoko zelaigunean, larunbatean, hilak 29, eta igandean, hilak 30, 10:30etik 20:00etara, eta Isa Sanchez eta Elisa Aguilar jokalari historikoak arituko dira irakasle-lanetan. Barakaldon, berriz apirilaren 1 eta 2an izango da karabanaz gozatzeko aukera, Amaya Valdemoro irakasle lanetan. Amaya Valdemorok hiru eraztun irabazi ditu WNBAn (emakumezkoen NBAn), eta 2013ko Europako Txapelketa ere irabazi du. Horrez gain, saskibaloi-selekzio absolutuarekin partidu gehien jokatu dituen jokalaria da, 258 partidu, hain zuzen ere...

‘Road Show’ak erakusketa ibiltaria dauka, eta, horretan, kirol honekin lotutako gauza ugari erakutsiko dira, bere historiako pieza paregabeak, edota adin guztietarako joko interaktiboak. Horrez gain, bi saskibaloi kantxa ere badaude; bertan, kirol jarduera ugari programatuko dira, baita hastapen saioak ere, Bizkaiko ikastetxe eta klubekin. Ikuskizuna mota guztietako ikusleentzat pentsatuta dago, eta programatutako lehiaketetan eta jolasetan parte hartzen duten pertsonentzat hainbat sari egongo dira.