Ekitaldia egiteko hilabete bi falta direla, dagoeneko bostehun kirolarik eman du izena maiatzaren 24an ibaira bota eta ‘finisher’ izateko helburuarekin. Proba gogorra da inondik ere, baina parte-hartzaileak fidelak dira eta triatloian aritzen diren atleta herrikoien eta zaletuen artean tira handia du.
Alderdi fisikotik exijentzia-maila handia izatea eta Bilbo erdian lehiatzea, Guggenheim Museoaren, Uribitarte pasealekuaren, Euskalduna jauregiaren eta Nerbioi ibaiaren inguru paregabean, dira kirolariek izena emateko orduan gehien baloratzen dituzten faktoreetako batzuk.
Behin betiko ibilbidea
Bilboko Triatloiaren ibilbidea iazkoa izango da, horixe baitzen antolatzaileen asmoa hasiera-hasieratik. 2012ko edizioan ibilbidea aldatu behar izan zuten, ibaiaren ertzetan obrak egiten ari zirelako baina 2013an behin betiko finkatu nahi den ibilbidea egin zen.
Lehiaketa 13:30ean hasiko da, triatletak Udaletxearen parean ibaira botatzen direnean. Handik Salbeko zubirainoko bidea igerian egingo dute, buelta eman eta ibaian gora etorriko dira Areatzara arte. Areatzan lehenengo trantsizioa egingo dute.
Bizikletako tartea Areatzan hasiko da eta kirolariek itzuli bi egingo dizkiote 45 kilometroko ibilbideari (1.167 metroko desnibel metatua), Etxebarriako parkeranzko bidetik Galdakaorantz egingo du bideak eta Elorritxueta eta Artxanda igoko dituzte.
Probaren azken zatian, parte-hartzaileek hiru itzuli emango dizkiote Ibaiaren ertzetatik joango den zirkuituari; Areatzan hasi eta amaituko da zirkuitua, eta hantxe egongo da helmuga.
Bilbao Training Week-en II. edizioa
Iazko arrakasta ikusita, Bilbao Triathlon-ek aurten bigarren aldiz antolatuko du ‘Bilbao Training Week’. Apirilaren 7tik 12ra bitartean izango dira nutrizioari eta entrenamenduei buruzko jardunaldi eta hitzaldiak, eta amaitzeko ‘Training Days’ egingo da. Iaz ia 400 kirolarik parte hartu zuen hitzaldietan eta Bilboko ibaian eta Elorritxuetako igoeran egin ziren entrenamenduetan.
Kalitate handiko partaidetza.
Aimar Agirresarobe izango da faboritoen zerrendaburua; eskubide osoz izango da, 2013ko edizioan euripean erakustaldia eskaini ondoren. Bilbon irabazteaz gain, bigarren egin zuen Zarauzko Triatloian, Eneko Llanosen atzetik, eta brontzezko domina eskuratu zuen Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketan. Tolosarra hurbiletik zainduko dute gainerakoek Areatzako irteeran.
Txapela eskuratzeko faboritoen artean bete-betean sartu da Courtney Atkinson Orbea Orca Triathlon Taldekoa. Palmares paregabea dauka australiarrak, lehenengo 20en artean egin du Pekineko eta Londreseko Olinpiadetan, 7 garaipen ditu Munduko Kopako probatan, 16 podio, 4 titulu nazional, garaipenak eskuratu ditu XTerra Australia proban eta Cairns-eko 70.3 (Australia) eta Filipinetako Ironman probetan.
Beste izen garrantzitsu bat Pedro Gomes portugaldarrarena da, 2013a urte bikaina egin zuena: Gasteizeko Challengea eta Kalmar-eko (Suedia) Ironman proba bereganatu zituen, erakustaldia eskainita, eta podioan sartu zen Floridakoan (Estatu Batuak) eta Austriakoan. Hala ere, ezin ditugu baztertu Mikel Elgezabal gernikarra, 2011an eta 2012an bera izan baikenuen Bilboko Triatloiaren irabazlea, eta Fraser Cartmell britaniarra, 2012ko edizioan hirugarren egin ostean, lesio bat tarteko, iaz parte hartzerik izan ez zuena.
Hor daude baita Fernando Gómez Cubero, 2012an eta 2013an bigarren egin ondoren, proba irabazteko gogo handiz datorrena; Richard Calle, Bilboko proban 6., 5. eta 3. postuak egin eta Triatloia eskuratzeko ahalegina egingo duena. Triatloian parte hartuko duela ziurtatu duen azkenetarikoa Massimo Cigana italiarra dugu, Italiako distantzia luzeko txapelduna eta txirrindulari profesionala izandakoa 2000. urtetik 2003ra. Besteak beste, Suitzako Itzulian, Lombardiako Itzulian, Milán-Turín proban eta Donostiako Klasikoan parte hartutakoa da.
Schulz, Gómez, Mintegui eta Gaztañaga ariko dira txapela eskuratzeko borrokan, emakumezkoen kategorian.
Emakumezkoen kategorian, Orbea Orca Triathlon taldeak Jenny Schulz alemaniarra ekarriko du Bilbora; duatloiko munduko txapelketan podioa egin du birritan eta birritan izan da espezialitate horretako Alemaniako txapelduna. Aurrez aurre Estefanía Gómez kantabriarra izango du, 2013an bigarren egin zuena Âsa Lundströmen atzetik.
Aipatzekoak dira baita beste hauek: Maider Gaztañaga gipuzkoarra, Neguko Triatloiko Espainiako txapeldun berria eta 2012ko edizioan Bilbon 2. egin zuena eta 5. lekuan amaitu zuena Munduko Txapelketa. Arrate Mintegui arabarra eta beste batzuk ere irabazteko hautagaiak dira, euren helburuen artean Bilboko Triatloia irabaztea baitute.