“Ez diegu gazte duintasuna zapaltzen utziko” lelopean deituta zegoen manifestazioa. `Global Forum Spain 2014´ goi bilera ekonomikoa burutu zen egunean Kale Nagusian izan ziren istiluetan parte hartzea egotzita lehengo astean atxilotutako lau pertsonei elkartasuna adierazteko. Atzo goizean, berriz, beste hiru atxiloketen berri izan genuen. Horietako bi adin txikikoak izaki, azkar askatu zituzten euren gurasoen zaintzapean. Hirugarrena, Otxarkoagako Urko Martinez, 25 urtekoa, arratsalderako aske utzi zuten, eta manifestazioarekin bat egin zuen Buenos Aires kalean.
Hiru geldialdi egin zituen manifestazioak. Plaza Biribilean, BBV eta Kale Nagusiko enpresa handien jarrera salatzeko; Buenos Aires kalean, justizia jauregi parean, gazte grebalarien aurkako epaia salatzeko; eta azkenik Sabin Etxearen parean EAJ, Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintzaren jarrera salatzeko. Ekitaldia bukatu ostean, bi gazte identifikatuak izan ziren manifestazioko pankarta justizia jauregiko atarian eskegitzeagatik. Tentsio uneak bizi izan ziren Albia plazan jarraitzen zuten gazte ugariren eta Ertzaintzako agenteen artean. Istiluen aurkako materialarekin hornitutako agenteek, kordela osatuz, manifestariak plazatik irtenarazi eta sakabanarazi zituzten.