uriola.eus

Frankismo garaiko koadroak udaletxeko korridoretik kendu dituzte aldi baterako

  Udal gaiak  Bilbo
Atzo eman zuten jakitera alkate frankisten koadroak biltzen zituen korridorea utzik geratu dela. Margolanak atarian jartzea aurreikusten bazuten ere, gela txikiegia denez, gordeta egongo dira tokia moldatu bitartean.

Otsailaren 27ko Osoko Bilkuran EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bildu eta PPren kontrakoekin, alkateen irudiak udaletxean mantentzea erabaki zuten, betiere, testuinguru historiko batean kokatzen baziren.

Koadro horiek beste areto batera eramateko asmoa du Udalak eta ondorioz, udaletxeko korridorea hustu zuten atzo. Hala ere, areto berrian margolan guztiak sartzen ez direnez, gela hori moldatzen duten bitartean gordeta egongo dira.

Ibon Areso alkateak azaldu duenez, Osoko Bilkuran hartutako erabakia aurrera eramango da; eta koadroak euren testuinguruan kokatzeaz gain, egoera txarrean daudenak zaharberritzeko asmoa erakutsi du.

Gaur goizean, EH Bilduk agerraldia eskaini du udaletxean. Bertan, Aitziber Ibaibarriagak, alderdiko bozeramaileak, azaldu du “alkate frankistak demokratikoekin batera lekualdatzea Memoria Historikoaren Legea urratuko duen sasi aterabidea” dela. Hala ere, “pozik” agertu da, “30 urteren ostean inoiz ez zegokien ohorezko leku batetik kendu dituztelako alkate frankistak”.

Alderdiko bozeramaileak adierazi du, gai honen gainean lan handia dagoela egiteko. Hori horrela, Memoria Historikoa lantzen duten taldeei zabalik egongo den batzorde bat eratzea proposatu du.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa