Zelai bizkaitarra hautatua izanez gero, eta Estatu Espainiarreko futbol selekzioa txapelketarako sailkatzen bada, hauek gutxienez bi partidu jokatuko dituzte euskal lurretan. Erabakia hurrengo hilabeteetan hartuko dute Europako futbol erakundeek.
Egoera honen aurrean, idatzi hau sinatzen dugun euskal taldeetako zaletu talde, kolektibo eta norbanako ezberdinok gure errefusik tinkoena adierazi nahi dugu, azken urteotan espainiar nazionalismoaren ikur bilakatu den futbol selekzioak euskal lurretan izan dezaken balizko presentzia honen atzean probokazio politiko hutsa ikusten baitugu.
Aspalditik temati dabil unionismo espainiarra helburu hau gauzatu nahiean. Adibidez, Eusko Legebiltzarrean, aurreko legealdian, egun Euskal Autonomi Erkidegoan bigarren indar den alderdiaren ilegalizazioa baliatuz lortutako gehiengo “konstituzionalistak” espainiar futbol selekzioa gonbidatu zuen euskal lurretan jokatzera, eta berdin egin zuen pasa den urteko otsailean Nafarroako ganberak. Kirola eta politika ezberdindu behar direla dioten berdinak dira oraingo honetan futbola politikaz “kakazten” buru-belarri dabiltzanak.
Orain, Eurokoparen aitzakiari eutsita, jokaldi politiko hau gauzatzeko aukera ezin hobea ikusi dute. Indartsu sentitzen dira gainera, indartsu sentiarazi baitituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaletxeko agintariek, ustezko mozkin ekonomikoen aipu hutsaren aurrean euren teoriazko euskal abertzaletasuna eta hitzezko euskal selekzio propioen aldeko aldarrikapena guztiz ahaztu dituztenak. “Normaltasuna” ez da euskal gizartearen gehiengoak arrotz bezala ikusten duen futbol talde bat indarrez gurera ekartzea. Guri ez digute lelo hau salduko. Aurrean izango gaituzte.
Azkenik, gogoratu beste behin, batzuk erraz ahazten baitute antza, Euskal Herrian badugula futbol selezio propioa, herri honen gehiengoak beronekin bat egiten duela eta luzea dela beronen ofizialtasunaren alde borrokan egindako bidea. Ez dezagun aldarria ahultzen utzi. Nazioarteko futbola zazpi herrialdeetara ekarri nahi bada, hau da jorratu beharreko bidea. Hau da defendatzen dugun bidea.
Atzo, gaur eta bihar: GUK, GEUREA!