AHTaren proiektua errefusatzeko prozesioa egin dute Kale Nagusian

uriola.eus 2014ko api. 10a, 12:47

Hainbat lagun bildu dira Bilbon, AHTaren proiektua salatzeko prozesioan. Ekintza horren bidez “makro proiektu hondatzailearen eraikuntzak ekarri digun zama jasangaitza” jendarteratu dute.

Kale Nagusiko 50. zenbakian dagoen Lanbideren egoitzatik abiatu eta Eusko Jaurlaritzan bukatu dute prozesioa. Protestaren bidez, Sarrerak Bermatzeko Errentaren eta zerbitzu sozial orokorren murrizketak salatu dituzte. Azaldu dutenez, gero eta herritar gehiagok ezin diote hilabeteroko gastuei erantzun, eta “kezkagarria” ikusten dute AHTaren proiektua “ongizatearen gainetik egotea”.

Zehazki, 2014rako Eusko Jaurlaritzak, Sarrerak Bermatzeko Errentarako bideratzea aurreikusitako 334 milioi euroak, AHTrako lanak finantzatzeko aurrekontua baino baxuagoa izatea errefusatu dute. Era berean, osasungintzako, hezkuntzako eta zerbitzu sozialetako oinarrizko eskubideak herritar guztiei bermatzea eskatu dute.