Lanaldi partzialetan jubilazio pentsio duinak bermatzea eskatu du LABek

uriola.eus 2014ko api. 10a, 13:54
Lanaldi partziala duten langileen artean, emakumeak nagusiki, espainiar araudiak eragiten duen diskriminazioa salatzeko kanpaina egin du LABek. Gaur goizean, kanpainaren baitan jasotako sinadurak Bilboko Gobernu Zibilean aurkeztu dituzte.

Izaskun Garcia LAB sindikatuko kideak Gobernu Zibilaren aurrean egindako elkarretaratzean azaldu du, Europar Auzitegiak epai baten bidez ebatzi zuela lanaldi partzialean dabiltzan langileen jubilazio pentsiorako eskubidea arautzen duen legedia “diskriminatzailea” dela. Lanaldi partzialean dauden pertsonen %80a emakumeak dira eta beraz, “hauekiko ematen da diskriminazio hori”.

Egoera horren aurrean, LABek kanpaina bat martxa jarri zuela plazaratu du eta Gizarte Segurantzari zein Espainiako Gobernuari ebatzia kontuan hartzea eskatu ziotela, “emakumeentzat diskriminatzailea izango ez zen legedia onartzeko”.

Araudia berritu badute ere “emakumeak bigarren mailako langileak izaten jarraitzen dugula” salatu du Garciak eta ondorioz, bigarren ekimen bat abiatu zutela. Aurreko astean, Nafarroako eta EAEko parlamentuetan egon ziren eta bertan, araudi propio bat garatzea eskatu zuten. Gaurko egunean aldiz, Gobernu Zibilean 4.009 sinadura aurkeztu dituzte, Espainiako diputatuen kongresuari legedi berri bat onartzea eskatzeko.