Helburua lortzeko Valverdek honako hamaikakoa atera dezake: Iraizoz, Balenziaga, Laporte, Etxeita, De Marcos, San Jose, Iturraspe, Susaeta, Muniain, Herrera eta Aduriz. Txingurrik atzealdean zalantzak eduki ditzake Gurpegi eta Ricoren ordezkoak aukeratzeko orduan. Valverdek bi aukera hauek ditu: esandako hamaikakoarekin jokatu, edo Moran atera eta San Jose edo Etxeita Laporteren alboan ipini. Moran gazteak Valverderen konfiantza dauka, baina Etxeitak partidu bakarrean gehiago erakutsi du. Levanteren kontra egindako lan txukunak gaur hasierako hamaikakoan leku bat eukitzea merezi dezake. Eskumako hegalean De Marcos egongo da, Amrabat gelditzeko lan gogorrarekin. Aurrean ez dago inolako zalantzarik, denboraldi osoan jokatu dutenak egongo dira, eta behar bada, bigarren zatian, Unai Lopez gaztea debutatzen ikusteko aukera izan dezakegu.
Bernd Schusterren taldea, nahiz eta jaitsiera postuetan hasi, apurka-apurka gora doa, eta oso gogor helduko da Katedralera. Azkenengo lau partiduetatik, hiru irabazi dituzte. Horrez gain, etxetik kanpo hobeto sentitzen den talde horietariko bat da Malaga. Camacho, Darder, Juanmi edota neguan heldutako Amrabat gazteek taldearen joera aldatu dute, garaipen garrantzitsuak lortuz. Rosaledako taldeak, ligan, kanpoan ia etxean baino puntu gehiago atera ditu. Arerio latza izango da San Mamesen, gogor jokatzen duena, konplexu eta presio gabe jokatzen baitute Rosaledatik at. Zorionez azken bolada horrek jokalarien lasaitasuna ekarri dezake, Malagak zazpi puntu ateratzen dizkio Getaferi (jaitsiera markatzen duena) eta eskuetan du datorren urtean lehenengo mailan jokatzeak. Schusterrek Valverdek baino zalantza gehiago ditu, baina hau izan daiteke hasierako hamaikakoa: Caballero, Angeleri, Antunes, Weligton, Eliseu, Darder, Camacho, Amrabat, Pablo Perez, Juanmi eta Roque Santa Cruz.
Gonzalez Gonzalez Gaztela eta Leoneko epaileak gidatuko du norgehiagoka. Athleticek berarekin bi partidu irabazi, hiru berdindu eta beste bi galdu ditu. Epaile ona dela esan genezake, gutxienez burua galtzen ez duen horietakoa, aurten erakutsitako maila ikusita, ez da gutxi… Baina gaur Athleticek aukera ederra du sei puntuko errenta berriz jartzeko, eta horretarako, nahiz eta telebistan era irekian ikusi daitekeen, San Mameseko harmailakbete-beteak eta taldeaaurrera eramateko prest egon beharko dira.