Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak ‘Lagundu Bilbo hobetzen’ aplikazioa sortu du. Eskuko telefonoetan eta tabletetan jaitsi daiteke dohainik eta, hartara, herritarrek kalean Obra eta Zerbitzuen Sailaren ardurapeko zerbitzuetan aurkitutako gorabeherak eta oharrak erregistratzeko aukera ematen du.
Obra eta Zerbitzuen Sailak teknologia berrietara egokitu nahi du, herritarrei aukera emanda sailarekin harremanetan jartzeko eskuko telefono inteligenteen bitartez. Gainera, aplikazio honi esker, Udalak kaleko gorabeheren gaineko informazio gehiago bildu eta errazago erantzungo die auzotarren kezkei, kexei eta aholkuei. Sistema honekin herritarrek euren eskuko telefonoetako aplikazioarekin uren sareei, saneamenduari, argi publikoei, hondakinen garbiketa eta gestioari, eraztun berdeari, parke eta lorategiei, hiri-altzariei, bidezaintzari, bizikletei eta espazio publikoari buruzko gorabeheren berri eman ahal izan dute. Zerbitzu horietako arduradunak izango dira kexak eta iradokizunak zuzenean jasoko dituztenak eta erantzuna behingoan eman ahal izango dute.
Aplikazioa bateragarria da merkatuko sistema eragile nagusiekin: iOS (iPhone eta iPaderako. App Storeren bidez instalatu daiteke), Android (Google Playren bidez instalatzekoa), Blackberry 10 eta Windows Phone (Windows Sotoreren bidez instalatzekoa).
Bidaltzeko era erraza izango da. Nahikoa izango da deskripzioa sartzeko aukera ematen duen formularioa betetzea, argazki bat kargatzea eta geoerreferentziatzea, edo hori ezinezkoa balitz, gorabehera dagoen lekuaren helbidea sartzea.
Aplikazioak berehalaxe bidaliko du jasotako gertakariaren oharra sailak oharretarako, kexetarako eta iradokizunetarako duen zentrora. Bidaltzaileak gorabeheraren zenbakia, arazoa konpontzeko kalkulatutako denbora eta telefono-zenbaki bat jasoko ditu, bertara deitu dezan informazio gehiago behar izanez gero. Aplikazio hau bide bat gehiago izango da oharrak, kexak eta iradokizunak helarazteko sailera.
Gaur egun, Obra eta Zerbitzuen Sailak herritarren kexak eta iradokizunak faxez edo posta arruntez, posta elektronikoz, leihatiletan zuzenean edo telefonoz jasotzen ditu, Gehienak telefonoz, hala ere (5 75). 2013an Obra eta Zerbitzuen Sailak 21.500 kexa eta iradokizun jaso zituen. Horietarik % 99,9 konpontzea lortu zuen. Jendeak gehien eskatzen dizkigun gaiak hauek dira: espaloi eta galtzadetako arketen eta argi puntuen konpontzea, garbiketa hobetzea, ur garbi eta zikinen jarioa, estolda-zuloak libratzea, inausketa lanak, jolas-guneen mantentzea eta zabor ontzien kokapenak aldatzea.
Aplikazio berri honekin Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Silak herritarrengandik hurbilago egon eta norabide biko kanal berria zabaldu gura du; alde batetik, herritarrei aukera emateko euren kexak eta oharrak bidaltzeko eta, bestetik, Udalaren "laguntzaile" bihurtzeko, uria egunean-egunean jagoteko eginkizunean.