Hainbat elkarte ekoloista, antimilitarista eta internazionalistak `gastu militarraren eta armagintzaren aurkako zapigarren bizikleta martxa´ aurkeztu zuten asteazkenean, Alde Zaharreko Eko-Etxean. Beste urte batez, salaketa bikoitza egingo dutela azaldu zuten; “euskal instituzioek gero eta diru gehiago bideratzen dutela gastu militarra eta armagintza bultzatzeko eta euskal armagintzak Israelgo armadarekin duen harremana”.
Jakitera eman zutenez, aurtengo gastu militarra 14.503 milioi eurokoa izango da estatu espainiarrean eta horri, estatuak armen negozioetan duen zorra gehitu behar zaio, 32.000 milioi euro hain zuzen ere.
Era berean, euskal armagintzako enpresek urtean 600 milioi euro inguruko material militarra saltzen dutela mahaigaineratu zuten. Adibide moduan Getxoko Sener enpresa eta Barakaldoko Precicast aipatu zituzte. Lehenegoak Israelgo `Israel Aircraft Industries LTD´ enpresarekin laguntza konpromisoa dauka. Eta Precicasten kasuan, `ITP´ taldearen barruan dago eta Airbus A400M hegazkin militarrerako eta europar guda hegazkin ezberdinetarako piezak egiten ditu.
Egoera horren aurrean, zazpigarren urtez, gastu militarraren eta armagintzaren kontrako bizikleta martxa egingo dutela azaldu zuten. Martxa goizeko 11:00etan hasiko da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean eta Barakaldotik igaro ondoren, Getxon izango du bukaera.