Athletic

Athletic Champions Leaguerako bidean

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko api. 28a, 15:12

Iturria: www.Athletic-club.net
Athleticek eskuetan du Txapeldunen Ligarako txartela. Hiru partidu falta dira jokatzeko, eta bakarra irabaztearekin nahikoa litzateke. Rayo, Erreala eta Almeria izango dira partidu horietako aurkariak.

 

Madrilgo taldeak datorren urtean lehenengo mailan egotea berretsi du eta patxadaz jokatu ditzake azkenengo partiduak. Erreala, berriz, derbya irabaztera etorriko da San Mamesera, Europako txartela eskuetan du, baina Vila-Realekin lehian dago Europa Leagueko partiduaren aurretikoa ekiditeko. Almeria izango da azkenengo arerioa, jaitsiera postuetan dago eta norgehiagoka latza izan daiteke zuri-gorrientzat. Beraz, Valverdek esan duen bezala, lehenbailehen zihurtatu behar dute laugarren postua.

Hortik aurrera koefizienteak eta zozketak hartzen dute garrantzia. Athleticek ziurtatua dauka aurreko kanporaketan onenen artean egotea, baina geroko ligaxkan hirugarren edo laugarren zozketa-ontzian egotea kolokan dago; batean edo bestean egotearen garrantzia itzela da. Ligaxkara zuzenean 22 talde sartzen dira, kolore berdez agertzen direnak. Horiei Erroma, Monako eta Errusia, Turkia, Suitza, Ukrania eta Belgikako txapeldunak gehitu behar zaizkie. Kolore urdinez daudenak aurretikoa edo prebia  jokatuko dute eta kolore horiarekin daudenak lehiaketan sartzeko aukerak dituzte. Prebia horretan, 10 talde onenek izango dira zozketa buru, eta zuri-gorriak multzo horretan sartu dira. Horrek Arsenal, Oporto edo Napoles saihestea dakar. Feyenoord, Besiktas, Lille… izan daitezke Athleticen arerioak aurretikoan.

 

Kolore grisarekin agertzen direnak: Manchester United, Valencia, Milan, Lyon, Inter, Tottenham, Marseilla, Rubin Kazan, PSV, Sevilla, AZ Alkmaar eta Dynamo Kyev ez dira hurrengo edizioan egongo. Fenerbahçe, Turkiako txapelduna, zigortuta dago eta ezin izango du datorren urtean parte hartu. Gauzak horrela, hirugarren ontzian egoteko Athleticek 24 onenen artean egon behar du. Beraz, beste bat kanpoan gelditu beharko da. Horiek hori kolorez dauden taldeen artean irten daiteke, Errusia eta Alemaniako ligetan batez ere. Shakhtar, Basilea, Zenit eta Galatasaray  Europan egongo dira (berde edo urdin izango dira). Baina Bayer Leverkusenek eta batez ere CSKAk Txapeldunen Ligako txartela galdu dezakete, beraz, atzerriko ligetako partiduei begiradatxo bat eman behar dio Athleticek azken jardunaldi hauetan.

Ligaxkako zozketan hirugarren eta laugarren ontzian egotearen ezberdintasuna hau izan liteke. Athletic hirugarrenean egongo balitz, gure multzoa zoriaren arabera zaila edo erraza izango litzateke. Bai ala bai jolastuko dute Bayern, Chelsea, Arsenal, Benfica edo Oportoren kontra. Horiek izango dira Madrid, Barça eta Atleticorekin lehenengo ontzia osotuko dituztenak. Dirudienez bigarrenean Schalke, Borussia, City, Juve eta PSG egongo dira besteak beste. Hirugarrenean Liverpool, Napoles, Sporting,  Ajax  eta Galatasaray egongo dira, horiek ekiditzeko ontzi horretan sartu beharko litzateke Athletic. Azkenengo taldetxoan Erroma eta Monako egongo dira.

 

Azkenean hori zoriak erabakiko du datorren denboraldian. Orain dana Athleticen esku dago. Laugarren postuak ihes eginez gero, edo kanporaketan galduz gero, Europa Leaguera pasako zen zuzenean. Bertan gauzak argiagoak dira, Athletic zozketa guztietan onenen ontzian egongo litzateke zalantzarik gabe. Gogoratu beharra dago Txapeldunen Ligako ligaxketan lehengo biak pasatzen direla hurrengo fasera. Ligaxkan hirugarren gelditzen direnak berriz, Europa Leagueko kanporaketetara pasatzen dira. Horregatik talde txar bat ligaxkan edukitzea beti izaten da onuragarria.