Hiru familiaren kaleratzea ekiditeko alokairu kontratu berriak eskatu dizkiote Banco Popularri

uriola.eus 2014ko api. 29a, 16:11

Hainbat eragilek eta PAH Kaleratzerik ez! plataformak elkarretaratzea egin dute gaur goizean Kale Nagusiko 17. zenbakian dagoen Banco Popularren egoitzan. Bertan, etxetik kaleratuak izateko arriskuan dauden Mena kaleko hiru familien kasuak salatu dituzte.

Hainbat lagun bildu dira goizeko 10:30ean, Banco Popularren egoitzaren aurrean, banketxe horrek Mena kaleko 3. zenbakian bizi diren hiru sendi kalera botako dituela salatzeko.

 

Azaldu dutenez, Banco Popularrak etxebizitza horien jabetza zuen enpresari enbargatu edo bahitu zizkion lehenik pisuak eta orain, bertan bizi diren lagunak kalean utzi nahi ditu. Horretarako ezarritako epemuga maiatzaren 16a da eta beraz, “ez dute ia denborarik izango beste bizitoki bat aurkitzeko”.

 

 

Etxebitza hauen kontratuak PROINSUCO S.L. Enpresak egin zituen “etxebizitzen jabea ez zenean”. Hori dela eta, epaileak kontratuak baliogabetu ditu. Beraz, 2011tik, bertako bizilagunek alokairuko errenta ordaintzen jardun dute eraikineko jabe ez denari. “Maula egin diete”, estafatuak izan dira, eta orain kalean utzi nahi dituzte, protestan parte hartu duten eragileen esanetan.

 

Gauzak horrela, Mena kaleko 3. zenbakiko hiru familia bizi toki gabe geratuko direla plazaratu dute “haiek egoeraren erantzule ez direlarik”. Ondorioz, zera eskatu diote Banco Popular Españoli: “Alokairuko kontratu berri bat adostu dezala hiru sendiekin”.