XXI. mendeko izarren enegarren talka

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre 2014ko mai. 3a, 13:27

Miribillako Bizkaia frontoian igandean jokatuko den finalak badu, besteak beste, klasiko baten erabateko itxura. Duela 11 urte Juan Martinez de Irujo iberotarrak profesionaletara salto egin zuenetik, maila goreneko lehia edo txapelketa bat aurkezten denerako, bera eta Aimar Olaizola goizuetarra, 5 urte lehenagotik hor zegoena, azaltzen dira faborito nagusi bezala.

Banaka denean banango hoberenak direlako eta binakakoetan ia beti bentajak ematen dituztelako osatzen duten bikoteetan. Alegia, mailaz pixka bat beheraxeago dabilen norbaitekin jokatuz. Ez da aurtengo kasua, Irujoren esku makalaren aitzakiaz Barriola handiarekin binatu dutelako. Maila handi samarra zegoen zortzi bikoteetan eta ezin zen tamainako izar hori esekita utzi.

Nonbaitetik hasi behar eta, igandean 3.000 gizakik bertatik bertara eta hainbat ehunka milak telebista edo irrati bidez -orain internetez ere bai- jarraitu dituzten lau esku huskako pilotarien aurkezte xume bat eginez hasiko naiz. Zentzu orokorrean hedabide guztietan maiz agertu direnez, neronek lau horiekin izan dudan harremanez arituko naiz, gerora izango dugulako bakoitzaz zehaztasun gehiago emateko.

Zein ondo gogoratzen dudan, duela ia 20 urte, Asier Olazola (I) afizionatuetan jokatzen ikusi nuela Gasteizko Ogeta frontoian, kluben arteko final batean. Berehala deitu nion Asegarceko Bergara intendenteari berria emanez. Laster deitu zidan hark zehatz jarraitu duela goizuetarra eta, hara sorpresa, bere anaia gazteak traza hobeak zekartzala esan zidanean. Oraindik Jubenil edo Gazte mailan zebilen Aimar baina non jokatu han irabazi eten gabe aritzen zen. 1998an debuta egin zuenetik hilabete gutxira estelarretan sartzen hasi ziren eta harrezkero pilotazaleek bere martxa jarraitzeko aukera izan dute.

Abel Barriolari buruz, eten gabe erabiltzen dut buruz buruko txapela irabazi ondoren egin nion elkarrizketan esan zidan zerbait. Historian txapel gehien zeraman Julian Retegi handiaren hitzez egin nion galdera. Alegia, txapelak irabazteko sufritu behar dela, sufritzen jakin behar zela, zioan behin eta berriro erasundarrak. Leitzako atzelari jatorraren erantzuna oraindik dut gogoan: “Nik ostera sufritu ez ezik, zenbat eta gehiago gozatu hainbat hobeto jokatzen dut”. Hori bota zidan txapel hori buruan jartzeko 11 partida mardul jokatu beharra izan arren.

Afizionatu mailako Iruñeako Mundialean, Mendillorriko trinketean ezagutu nuen Juan Martinez de Irujo iberoarra, 2002. urtean. Indartsua bezain trakets samarra iruditu zitzaidan bat-batean. Hurrengo urteko Sanferminetako atarian debuta egin eta hilabete gutxira, beste inpresio bat jaso nuen eta honako iragarpena erantsi: “Handiena izan daiteke urte askoz, bere esku edo soinean aberiarik egiten ez badu”. Mantentzen dut aurresaneko iritzia eta ez da bere palmaresa jarraitzea besterik.

Aretxabaleta markinarrarekin itxiko dut zerrenda. Andonik bost urte besterik ez zituen Aimar edo Abelek profesionaletara salto egin zutenean. Hurrengo belaunaldikoa da beraz, zentzurik zabalenean. Duela pare bat hilabete, Gernikan izango den Ibilaldiaren inguruan, pilotari buruz eman nuen hitzaldi baten ezagutu nuen Andoni buruz buru. Azken urte batean eman zuen joko gorakada aipatu nion eta hark zintzo erantzun ere bai: “Aurreko denetan beste inguru” erantzun zidan, jarri “dioten” entrenatzaile berriari atxikiz errua. Hori da 21 urteko atzelari hau. Dena aurretik duena eta gora bide hori jarraituz edonora iritsiko den mutila da aurtengo finaleko jokalari gazteena.

FINAL HANDI BAT

Protagonistak ezagutuz eta haren joko puntua ezagutuz, final handi baten atarian gaudela gauza jakina da. Irujoren esku ezkerrak izan lezake aitzakiaren bat baina Juan ez da holakoei errua botatzen dioten horietakoa. %100 beraz laurak. Futbolean, saski edo eskubaloi, errugbi edo beste edozein taldeko kiroletan, jokatu aurretik entrenatzaileak aukeratu duen taldearen arabera asmatzen dugu jokoak eramango duen ildo edo bidea. Pilotaren kasuan, partida baino hiruzpalau egun aurretik bereizten duten materialak ematen dizkigu horretarako pistak. Aurretik luzatu naizenez, laburbilduko dut atariko edo aurreiritzia.

Aimar Olaizola da, edonorentzat, gorriz jantziko den bikotearen ardura daramana. Konpromiso hori betetzeko pilota lehen koadroetan maneiatu behar du. Frontisetik irteera gutxikoa eta botea neurrian ematen duten pilota behar du eta, itxuraz, aurkitu zuen gustukorik Miribillako frontoian. Aretxabaleta, ikasle finak, aurrelariaren esanetara ibili behar du oraingoz.

Urdinez jantziko direnak, ordea, ardura konpartitzeko programatuak daude eta biek ala biek helburu nabarmena dute: Atzera, gibelera jo markinar gaztea ahitzera, Goizuetako aztia saihestuz, arriskua honengan dakusalako batik bat. Bazegoen hauentzako ere material egokia, bote handiagoa eta frontisetik alai ateratzen diren pilotak.

Beti eskatu didate “bustitzeko” pronostikoan eta horren zalea naiz. Hor doa bada: Irujoren esku ezkerra mintzen ez bada eta duena edo dakiena ematen badu, aurreikusiko bidetik, orain arte ukatu dioten txapel handia emango dio Abel Barriolari. Gauzak horrela ez baldin badoaz... Jainkoa lagun!