Euskal finantza sistema publikoaren aldeko giza katea

uriola.eus 2014ko mai. 6a, 15:51

Kutxabanken pribatizazioa eta bankarizazioaren aurkako giza katea egin dute gaur goizean udaletxetik Kale Nagusiko Kutxabanken egoitzaren aurrera. Dozenaka lagunek, protesta honen bidez, Euskal Herrian sistema finantziero publikoa izatea exijitu dute.

Hainbat eragilek zuzendutako giza katearekin, plazaratu nahi izan dute, Hego Euskal Herrian “urte luzeetan ereindako aurrezki eta aktiboak akziodunen eta espekulatzaileen esku jartzearen helburuarekin”, Kutxabank likidatzen ari direla.

Kutxen bankarizazioa eta pribatizazioak zein gizarte ekintzaren “etengabeko argaltzeak” besteak beste, euskal erakunde finantziario publiko bat sortzeko aukerak murrizten dituela ohartarazi dute eta; horrek, eragotzi egiten duela aurrezkia eta kreditua Euskal Herriko gizarte osoaren onurarako erabiltzea.

Gauzak horrela, Euskal Kutxen bankarizazio eta pribatizazioan atzera egitea eskatu dute, kontrol publikoa, euskal eremua, bertarako inbertsioak eta erakundeen izaera soziala indartuz. Era berean, euskal kreditua eta aurrezkia pertsonen eta gizartearen mesedetan kudeatzeko balioko duen euskal finantza sistema publikoa defendatu dute.

Gaurko hitzorduaz gain, beste deialdi batzuk deitu dituzte aldarri berdinarekin. Maiatzaren 13an, Gasteizen Foru Jauregitik giza katea abiatuko dute 11:00 eta hilaren 20an, Donostiako udaletxetik beste kate bat aterako da ordu berean.