`Burdin Hesia´ mendi lasterketak Laudio eta Bilbo lotuko ditu igandean

uriola.eus 2014ko mai. 23a, 08:00

Lasterketa igandean, maiatzak 25, izango da eta probak 25 kilometro izango ditu. Partaideek "Bilboko Burdin Hesiak" osatzen duen ibilbidearen zati bat egingo dute.

Bigarren urtez, Laudio eta Bilbo lotuko dituen `Burdin Hesia´ mendi lasterketa Euskal Herria Kirolakek, Euskarri kirol elkartearekin batera eta Bilboko eta Laudioko Udalen laguntzarekin antolatuta dago. Igandean ospatuko dute eta probak 25 kilometro izango ditu, partaideek “Bilboko Burdin Hesiak” osatzen duen ibilbide historikoaren zati bat egingo dutelarik.

Txapelketa Laudioko Lamuza Parketik abiatuko da goizeko 09:00etan. Horrez gain, aurten, Santa Luzia jaiarekin bat etorriko da, eta horrek distira eta kolore gehiago emango dio irteerari. Helmuga Bilboko Miribilla auzoan egongo da. Antolatzaileek gutxieneko prestakuntza fisikoa gomendatu dute, ibilbideak nolabaiteko zailtasun maila duelako. Lehen mailako kirolarien partaidetza egongo dela aurreikusten da, eta antolatzaileek lasterkariak igaroko diren lekuetara joatea eskatu dute, animoak emateko.

Partaide guztiei kamiseta bat oparituko zaie proba amaitzean. Horrez gain, kategoria bakoitzean sailkapen hoberena lortu dutenei garaikurrak emango zaizkie.

Ibilbidea

Irteera Laudion (Lamuza parkean) izango da, bertatik Isusi auzora joateko, Goikogane igotzeko eta San Antongo baselizarantz jarraitzeko, Burdin Hesian sartuz, Santa Luziarantz. Hortik Ganekogortara jarraitu beharko da, eta mendi hori igo eta jaitsi ondoren, Pagasarriko maldetatik igaro. Bertatik, lasterkariak Larraskitu kalera joango dira, gero San Adriango zubira, Gernikako lorategietara eta Bilbao Arenan egongo den helmugara.