Ikasle erakundeek iazko azaroan deitu zuten greba eguneko istiluetan parte hartzea egotzita hainbat gazte epaitu zituzten astelehenean Bilboko Adin Txikikoen Epaitegian. 100 euroko isuna eta 50 orduko gizarte lan eskaerari aurre egin behar diote. Asteartean, berriz, martxoaren 3an, Guggenheim museoan nazioarteko finantza erakunde nagusietako eta enpresa transnazional garrantzitsuenetako ordezkariek `Global Forum Spain 2014´ Goi Bilera ekonomikoa egin zutenean, Bilbon jasotako istiluen harira beste 3 gaztek epaiketa izan zuten. Horiek 90 euroko eskaera fiskalari aurre egin behar diote.
Auziperatu ugari deustuarrak izanik, "Utzi bakean Deustuko gaztedia" plataformak elkarretaratzeak burutu ditu aste honetan. Astelehenean mobilizazioa Barroeta Aldamar kalean izan zen, Justizia jauregia aurrean. Asteartean aldiz, Albia Lorategietan izan zuten hitzordua. Bi protesten bidez argi utzi zuten, 2009tik hona 13 direla prozesu judizialetan murgilduta dauden Deustuko gazteak. "Sistema honetan gazteak gara kaltetuenetarikoak, prekarietatera kondenatzen gaituzte, eta badugulako zergatik borrokatu eta borronkatzen dugulako kolpatzen gaituzte behin eta berriz". Gazteen esanatean, Estatuaren errepresioari aurre egiteko, "ezinbestekoa da gazteen antolakuntza eta erantzun zuzen eta bateratua. Kolektibo moduan erasotzen gaituzte, erantzun dezagun modu berean".
Auziperatuen abokatuek aurreikusi dutenez, gaur emango dute sententzia ezagutzera. Atzo, epaiaren bezperan, "Errepresioaren gainetik! Borrokak merezi du!" lelopean, manifestazioa egin zuten Deustuko hainbat herritarrek Done Petri plazatik abiatuta.