100 egun, 100 baloi

uriola.eus 2014ko mai. 22a, 08:55
Lan Ekintza-Sabin Anuzita
Ehun egun falta dira FIBA 2014 Munduko Txapelketarako. Data hori gogorarazteko, gaur goizean ehun baloi oparitu dizkiete oinezkoei Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalakeko ordezkariek. Uztailaren 1ean jarriko dira salgai BECen partiduetara joan ahal izateko sarrerak. Izan ere, ‘Hiri Bonuak’ eta ‘Eguneko Paseak’ agortu egin dira. 1.100 pertsonak baino gehiagok eman dute izena FIBA 2014 boluntarioen taldean parte hartzeko.

100 egun bakarrik geratzen dira Fiba 2014 Saskibaloiko Munduko Kopa Bilbao-Bizkaia egoitzara iristeko. Munduko txapelketa hurbil dagoela ospatzeko, gaur goizean basketeko ehun baloi jarri dira Bilboko Udaleko eskalinatan. Ekitaldi horretan Marta Ajuria, Bizkaiko hiriburuko Merkataritza eta Turismoko Zinegotzia, Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaria, Gorka Estebez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak eta Berrikuntza Sustatzeko Zuzendari Nagusia egon dira.  Goizeko 10:00etan udaletxearen ingurutik oinez zebiltzanek hurbiletik ikusi ahal izan dute ‘street marketing’ ekintza bitxi hori, eta han jarrita zeuden ehun baloietako bat eraman ahal izan dute oroigarritzat.

Erakunde-arduradunek aukera hori aprobetxatu dute iragartzeko partiduetarako bonuen salmenta arrakasta handia izaten ari dela. BEC!en jokatuko diren partidu guztietara joateko aukera ematen duten ‘Hiri Bonuak’ bi egunetan agortu ziren otsailean. Egun batean jokatuko diren partiduak ikusteko ‘Eguneko Bonuak’ 24 ordu baino gutxiagoan agortu ziren joan zen maiatzaren 5ean. Uztailaren 1etik aurrera, ‘Saioko Paseak’ erosi ahal izango dira. Horien bidez, saio batera joan ahal izango da; saio hori partidu batekoa edo bikoa izan daiteke. Salmenta-gunea web-orrialde hau izango da: http://spain2014.entradas.com/fiba2014/.

Boluntarioen lana

Bilbao-Bizkaia egoitzan egingo den Saskibaloiko Munduko Kopak arrakasta izateko lagunduko duten elementuetako bat boluntarioen lana izango da. Munduko Kopan parte hartzeko modu honek interes handia piztu du jendearen artean, eta, horren ondorioz, 1.102 pertsonak eman dute izena esperientzia paregabe hori bizitzeko. Pertsona horiek guztiak, gaur egun, online prestakuntza-prozesuan daude, eta uztailaren 2an eta 5ean behin betiko hautaketa-prozesua egingo da. Hautaketa-prozesu horretan, 250 eta 300 pertsona artean hautatuko dira, antolakuntzari laguntzeko hainbat zeregin egin ditzaten.

Une honetatik aurrera eta munduko txapelketa iritsi arte, Bilbao-Bizkaiak saskibaloiarekin lotutako hainbat jardueraren egitaraua izango du, jende guztiarentzat. Horren helburua da herritarrak animatzea nazioarteko oihartzuna izango duen kirol-ekitaldi handi honetaz gozatzera. BEC!en jokatuko diren partiduak C Multzokoak izango dira. Multzo horretan, selekzio hauek daude: Ameriketako Estatu Batuak (mundu osoan interesik handiena pizten duen selekzioa), Turkia, Ukraina, Finlandia, Dominikar Errepublika eta Zeelanda Berria.

Arreta-puntua Turismo Bulegoan

Bilbao-Bizkaia Turismo Bulegoak zabalik dauka jendearentzako arreta-puntua, FIBA 2104 Saskibaloiko Munduko Txapelketari buruzko informazio guztiarekin. Turistek eta bertokoek xehetasun guztien berri izan dezakete munduko txapelketa honetaz gozatzeko, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara, asteko zazpi egunetan. Turismo Bulegoan, besteak beste, informazio hau dago eskuragarri: partiduen ordutegiak, garraio publikoa BECeraino, eta lehiaketarekin batera egingo diren ekitaldien agenda zabala.