Hauteskundeak Bilbon: EAJ nagusi, PP eta PSE-EEren beharakada nabaria

uriola.eus 2014ko mai. 26a, 12:13

Iturria: m25hauteskundeak.naiz.info
Atzoko Europako hauteskundeetan EAJ alderdiak gehiengoari eustea lortu du Bilbon, botoen %29,35 eskuratuz. PP eta PSE-EEren boto galera nabarmena izan da. Sozialistak izan dira galtzaile nagusi, 2009an baino 18.000 babes gutxiago bereganatu baitituzte. Gora egin dutenen artean daude EH Bildu, Ezker Anitza, UPyD eta alderdi berriak. EH Bildu Bilboko hirugarren indar izatera heldu da, bigarrenarengandik (PP) 68 bozetara kokatu da.

 

Bilboko lidertza berretsi du EAJ alderdiak. Eutsi ez ezik 2009ko europar hauteskundeetan baino 1.059 boto gehiago eskuratu ditu (0,51 puntu gora egin du) Bilbon.

PSE-EE alderdia gogor zigortu dute bilbotarrek; 2009an bigarren indar izatetik (%28,92) laugarren izatera pasa da (%13,82) 2014an. Hau da, 18.107 boto gutxiago eskuratu ditu.

PPk ere botoak galdu ditu 2009ko emaitzekiko, baina ez sozialistek beste, 8.646 boto gutxiago jaso ditu, zehazki. Guztira, Bilboko botoen %14,24 popularrentzat izan dira.

EH Bildu izan da garaileetako bat, 17.408 boto eskuratu ditu ezkerreko alderdien koalizio abertzaleak. Popularrengana -bigarren indarra Bilbon- asko hurbildu da, 68 botora geratu delarik, eta sozialistei aurre hartu die -454 boto gehiago eskuratuta-. Bilbotarren %14,19aren babesa lortu du Bilduk.

Ahal Dugu alderdi berriak ezustekoa eman du, bilbotarren artean 8.344 boto batu ditu eta bosgarren indar bihurtu da, Ezker Anitza eta UPyDri gailenduz. Beretzat izan dira atzoko Bilboko bozen %6,8.

Gora egin duten alderdien artean daude Ezker Anitza eta UPyD ere. Lehenak 2009ko zifrak ia hirukoiztu ditu. Orduan, Ezker Anitzak 2.547 boto jaso zituen. Atzo, berriz, 7.231 boto. 4.684 boto gehiago, alegia. UPyD alderdiak ia bikoitzu ditu bere emaitzak. 2.255 boto gehiago eskuratu zituen atzokoan, 2009ko datuekin alderatuta.

Abstentzioa eta errolda behera Bilbon

Hirian erroldatutako 18 urtetik gorako biztanleen galera izan da azken bost urtetan Bilbon; 2009ko hautesle-erroldarekin alderatuta, 6.751 pertsona gutxiagok izan dute botoa emateko eskubidea atzokoan.

Abstentzioak ere behera egin du Bilbon. Hortaz, aurreko europar hauteskundeetan baino parte-hartze handiagoa izan da oraingoan; 1.82 puntu egin du gora, hain zuzen ere. 2009an abstentzioa %56,80koa zen bitartean, atzo %54,98koa izan zen.

 

IBAIZABAL: Europako Hauteskundeak

Abstentzioak markatuta, ia %57koa, Josu Larrinagak aldaketa batzuk sumatu ditu: nahiz eta orokorrean Kontserbadoreek irabazi, aztertzekoak dira bai eskuin muturrekoek bai ezkerreko koalizioek ere izandako hazkundeak. Hego Euskal Herrian, EH Bilduk irabazi du. Entzun osorik hemen