Herri lasterketa San Filippo gaixoa dutenen alde

uriola.eus 2014ko mai. 30a, 08:00

Areatzatik abiatuko da igandean, ekainak 1, San Filippo eritasuna duten pertsonei elkartasuna adierazteko herri lasterketa. 6,2 kilometroko ibilbidea osatzen duten korrikalariek oparia jasoko dute amaieran. Ekimen solidario honen bidez, STOP Sanfilippo Fundazioak entsegu kliniko bat finantzatuko du estatuan

San Filippo gaixotasuna duten umeen eritasuna artatu eta sendatzeko helburuaz jaio zen duela bi urte STOP San Filippo Fundazioa. Ibilbide horretan batutako dirua medikuntza-ikerketara bideratu du Fundazioak. Animaliekin eginiko probetan "emaitza baikorrak lortuta", une honetan ahalegin guztiak "pertsonengan eraginkortasuna duen entsegu klinikoaren garapenera" bideratuta ditu.

Eta bide horrean, Bilboko hiritarrak sentsibilizatu asmoz, antolatu dute San Filippo Sindromea daukatenen aldeko Bilboko I. Herri Lasterketa. Ekimena publiko osoari dago zuzendua, sexu edo kategoria bereizketarik gabe, bai lizentzia duten atletek baita ez dutenek ere parte hartu ahal izango dute. Lehenak irteten, 11:30ean, Prebenjamin eta Benjamin kategoriakoak izango dira (2004 eta 2007 urte artean jaioak). 11:40an aterako dira Alevin eta Infantil kategoriakoak (2000-2003 urteetakoak), 11:50ean Txupete kategoriakoak (2003-2013) eta, azkenik, 12:00etan Helduak edo Absolutuak. 

Oraindik zenbakia hartu ez duten parte-hartzaileek, egunean bertan hartzeko aukera izango dute goizeko 11.00k arte. Gainera, lasterketa Bizkaiko Atletismo Federakuntzako epaileek ikuskatuko dute.

Areatzan hasi, Campo Volantinean zehar Euskalduna zubira arte eta, itsasadarra gurutzatuta, Uribitarte pasealekutik berriro ere Areatzara buelta. Horixe da igande honetan antolatu duten 6 kilometro eta 200 metroko luzera duen herri lasterketa. Bilbon antolatzen den lehengoa San Filippo gaixotasuna duten pertsonak babesteko.

Korrikalarien ibilia bermatzeko, 12:00etatik 12:30era bitartean, gutxi gorabehera, Bilboko Udalak bidegorria okupatuko dela jakinarazi du Unibertsitate etorbidean eta Botikazar erriberan, Salbe eta Euskalduna zubien artean.

Zero Harmaila

STOP Sanfilippo Fundazioak Zero Harmaila delakoa jarri du martxan, parte hartzeko aukerarik ez dutenek, diru laguntza bat emateko ahal izateko. Izan ere, herri-lasterketako 10 euroko izen-ematearekin eta  5 euroko izen-ematearekin umeen lasterketaren kasuan,  gaitz honen aurkako lehian laguntzeko pasuo bat baino besterik ez da. Munduan jadanik 3.000 ume dira, hain zuzen ere, Sanfilippo Sindromea dutenak.