'Transbilbideak BTT' Euskal Herria zeharkatzen duen mendi bizikleta ibilbidea

uriola.eus 2014ko eka. 2a, 08:47

Lagun talde batek aurkeztu du Transbilbideak BTT Euskal Herriko naturagune nagusiak lotzen dituen mendi bizikleta ibilbidea.

Joan den barikuan Arrasaten aurkeztu zuten ibiltari talde batek Transbilbideak BTT Euskal Herriko naturagune nagusiak lotzen dituen mendi bizikleta ibilbidea. Egitasmoa taldea osatzen duten lagunek sortu dute ezagutza eta ilusioa batuz publiko zabalari aurkezteko.

Ibilbideak ia ehun naturagune biltzen ditu eta ekosistema anitzak zeharkatzen ditu, hala nola, padurak, mendi-larreak, ibaiertzeko basoak, estepak, gatzagak, labarrak, aintzirak eta abar. Guztira 27 etapa dira eta 1.448 kilometro. Ibilbideak Orio du hasiera eta amaiera puntua eta GPS gailu batekin jarraitzeko pentsatuta dago. Gainera, ibilbide ofiziala ezezik ibilbide alternatiboak eta bidezidorrak ere jasotzen ditu ibilbideak. Azken horiek eta bestelako zalantza eta argibideak jaso dituzte sortu duten foroan. Halaber, lehenengo topaketa egiteko proposamena ere argitaratu dute Tib BTT lehenengo planoan ezagutu nahi duenarentzat.

 

Ekimen askea

Tib BTTren atzean erakunderik, sustatzailerik edota jaberik ez dagoela azpimarratu du taldeak, horretaz gozatu nahi duen edonorrekin partekatzen den ibilbidea baino ez, eta, hortaz, ez dute bere gain hartzen konpromisorik ezta erantzukizunik ere emandako informazioaren egiazkotasunean.