Guztira, 27 herrialdetako 1.314 erakusle hurbildu dira BECera, 2012an baino %12 gehiago, eta erdiak baino gehiago atzerritarrak -%57ak, hain zuzen ere-. Industria sektorearen inflexio puntua izan nahi du makina eta erramintaren biurteko honek, berreskurapenaren hasiera adieraziko duena. Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Arantza Tapia sailburuak aitortu duenez: "Makina eta erraminta funtsezkoak dira Euskadiren industria berpizterako".
Krisi ekonomikoak sortutako eskariaren beherakadak, 2010 eta 2012an, erakusleen kontratazioak murriztu ostean, 2014ko datuek baikortasuna ekarri dute bai azokara bai sektorera. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 28. BIEMHk 30 milioi euroko eragina izango du iraungo duen zazpi egunetan. Makina-erraminta sektoreko AFM elkarte nagusiko buru den Antxon Lopez Usozen esanetan "giroa baikorragoa denez, bisitak eta kontaktuak ugariagoak izango dira azokan", eta horrek eskarian eragin zuzena izango du: "Biurteko hau tokiko eskariaren inflexio puntua izango da".
Bi sektore berrik protagonismo berezia izango dute 28. BIEMH azokan. Fabrikazio gehigarriak eta material konposatuen fabrikazioak, alegia.
Milaka izango dira egunotan BECera hurbilduko diren lagunak punta-puntako enpresen berrikuntzak ezagutzera. Tartean, Euskal Herriko makina eta erraminta sektoreko profesional, ikasle eta irakasle ugari.