EH Bilduk Cabacasen kasu judiziala oztopatzea leporatu dio Segurtasun sailari

uriola.eus 2014ko eka. 3a, 13:31

Josu Zubiaga Segurtasun kontseilariordeak ezeztatu dio epaileari Cabacas hil zuten gauean Ertzaintzak adostutako aginduak.

EH Bilduk "informazioari uko egitea eta oztopatzea" egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailari Iñigo Cabacas kasuaren ikerketan. Halaber, hilketa jazo zen gauean erabilitako istiluen kontrako materiala desagertua edo suntsitua izan dela uste du koalizio abertzaleak.

Atzo Josu Zubiaga Segurtasun kontseilariordeak ezeztatu zion Ana Torres kasua eramaten duen epaileari Cabacas tiro batez hil zioten gauean aurretik adostutako aginduak. Bere esanetan, informazio hori "isilpeakoa" da. EH Bilduk Zubiagaren jarrera salatu du "informazio hori ukatzea oso larria da" esanez. Horrekin batera, Segurtasun saileko burua den Estefania Beltran de Herediak justizia eta Cabacasen familiarekiko agertu duen errespetu falta salatu du.

 

Familiaren erantzuna

Iñigo Cabacasen familiak Zubiagaren ukoari helegitea aurkezteko asmoa du protokoloaren berri eman dezan, eta ondorioz, Ertzaintzaren ardura banaketa zein izan zen jakiteko. Izan ere, instrukzio ofizialak ez betetzeak gau hartan gertatutakoa argitzeko ebaluazio judiziala larriagotu egin dezake.