Telefonia antenak direla eta, zuhurtasun printzipioaren aplikazioa eskatuko dute Solokoetxeko auzotarrek

uriola.eus 2014ko eka. 4a, 09:36

Solokoetxeko auzokideek eta ikastetxeko ikasle, guraso eta irakasleek elkarretaratzea egingo dute, gaur, asteazkena, 19:30ean. Baina ez, Solokoetxen, igogailuaren goialdean -orain arte bezala-, Iturribide kalean baizik, igogailuaren behealdean.

 

"Antenarik ez, 0,1 ya" lelopean, ekaineko asteazken guztietan protestaldiak egiteko deia zabaldu zuten Solokoetxeko auzotarrek. Gaur, lehena egingo dute "antenak kendu edota hauen indarra 0,1uw/zm2-ra jaisteko" eskatzeko.

Maiatzaren 28an berrabiarazi ziztuzten kaleko ekintzak Solokoetxen. Orduan, auzoan burutu zuten elkarretaratzea. Igogailuaren goialdean, igogailuaren aurrez aurre eta ikastetxearen ondoan. Gaur, berriz, igogailuaren behaldean bilduko dira, Iturribide kaleko 10. zenbakian. "Garraio negozioa egiteko baimena dutela" gogoraraziko diete Ascendores de Solocoeche S.A. enpresako buruei, eta "ez bestelako negozioa egiteko baimena", adierazi dio URIOLAri auzo elkarteko kide Yolanda Pereñak. Igogailuak, teilatuan ezarrita dauzkan hiru telefonia antenetaz ari da Yolanda, eta horiek bertan izateagatik telefonia operadoreek enpresari ordaintzen dioten diruarekin egiten duen "negozioaz". Argi du auzo elkarteak bere eskaria: "Hasteko uhin elektromagnetikoak 0,1era murriztea, eta antenak kenduz gero askoz hobeto".

EH Bilduren eskaria

Donostian eta Gasteizen egin duten moduan, EHBilduko bozeramalea den Aitziber Ibaibarriagak atzo eskatu zion Udal gobernuari, zuhurtasun printzipioaren egikaritzean, ordenantzak aldatzeko Bilbon uhin elektromagnetikoak 0,1μW/cm2 baino altuago ez izateko.

Udaleko web guneak ematen dituen datuak eskutan, Solokoetxen pairatzen duten gainesposizioa izan zuen gogoan Ibaibarriagak atzoko prentsa agerraldian. Bilbao.net webak adierazitako datuak, 2,5 μW/cm2, Europako Ingurumen Agentziak gomendatzen dituena baino 25 aldiz altuagoak dira. Zentzu honetan, EHBilduren bozeramaleak adierazi du Gasteizko Ibaiondo ikastetxeko datuak 0,6 μw/cm2-koak zirela eta, horren ondorioz, pantallak jarri zituztela.

Gainontzeko hiriburuekin alderatuz, Ibaibarriagak jakinarazi duenez, Bilbo atzean geratzen ari da zuhurtasun printzipioan eta osasun eskubidearen aplikazioan. EHBilduko eledunak salatu du Bilbon “ezer egiten ez den bitartean, Donostian edota Gasteizen aurrerapauso nabariak eman dituzte”.

Bozeramaleak azpimarratu du, Donostiako Udala ordenantza berri batean ari dela lanean estaldura 0,1ean gainditu ez dadin, eta Gasteizko Udalak joan den astean ordenantza moldatu zuela.

Honela, EH Bilduko zinegotziak bere egin du Solokoetxeko auzokideek egindako salaketa, 1934an sinatutako emakida-kontratuak dioen bezala, adieraziz azpiegitura honi ezin zaiola bere garaian emandako bestelako erabilerarik eman. Hala ere, Surbisak bigarren negozio bat esplotatzeko baimena eman zion, antenena hain zuzen, “EH Bildun ez dugu honekin bate egiten inondik inora ere ez”.

Zentzu honetan, eta aipatutako irregulartasuna argitze aldera, Ibainarriagak, ezkerreko koalizio soberanistak Obra eta Zerbitzuetako Saileko zinegotzi ordezkariaren agerraldia eskatu duela adierazi du. Gauzak honela, gaiaz jakitun diren teknikariek azalpenak eman ditzaten 5.barrutian bilera monografikoa eskatu du.

 

[2014/05/28] Solokoetxeko auzokideek elkarretaratzea egingo dute igogailuko antenak kentzea eskatzeko