Roberto Polvorosak fabrikazio-ingeniaritzako elkarteak ematen duen saria jasoko du

uriola.eus 2014ko eka. 3a, 11:30

Makina erremintaren sektorearekin lotutako lan onenarentzako saria bihar, asteazkena, jasoko du 12:30ean BECen, Bizkaiko ahaldun nagusia buru izango duen Diseinu Sari Nazionalen ekitaldiaren barruan.

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan eta bertako Makina Erreminta Gelan ikasle ibilitako Roberto Polvorosak, Fabrikazio-Ingeniaritzako Elkarteak (SIF) urtez urte ikasketa amaierako lanen artean banatzen dituen sarietako bat lortu du. Makina erremintaren, osagaien, tresnen eta osagarrien sektorearekin lotutako lan onenaren  tzako sari hau bihar banatuko da, asteazkenez, egunotan Bilbao Exhibition Centren (BEC) egiten ari den Biurtekoko jardueren barruan.


Saria lortu duen “Hariztatzeko ardatzak industria aeronautikorako berreskuratzeko prozedura, birzorrozketaren bitartez” izenburuko lana Norberto Lopez de Lacalle Eskolako irakasleak zuzendu du. Proiektuan, erabili diren hariztatzeko ardatzak birzorrozketaren bitartez eta antzeko ebaketa-geometriari eutsiz berreskuratzearen bideragarritasuna aztertu da, tresnek ziklo batean baino gehiagotan funtzionatzeko aukera bermatuz eta hariztatze-eragiketetan tresna berriak erosi beharraren ondorioz sortutako kostuak dexente murriztuz. Enpresen egiazko arazoetara eta fabrikazio aurreratuaren garapenera egokitutako lanaren eredu paregabea dugu.
 
Roberto Polvorosak Industria-Ingeniaritzako titulua lortu zuen Eskolan, eta oraingo sariaz gain, 2012an, Doitasun-Ingeniaritzarako eta Nanoteknologiarako Europako Elkarteak eta sektoreko enpresa nagusiek esparru honetako Europako talentu gazterik onenak identifikatzeko antolatzen duten Euspen Challenge lehiaketaren Espainiako fasea irabazi zuen Eskolako beste bi ikaslerekin batera. Gainera, Eskolak urtez urte antolatzen duen Zubien Maketa Lehiaketan nagusitu zen 2012ko edizioan, karrera osoan hainbat aldiz parte hartu ondoren. Gaur egun, ikertzaile lanetan dihardu Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Saileko Goi-Errendimenduko Fabrikazio Taldearen barruan, eta bere lanak fabrikazio-prozesuak eta tresnak ditu ardatz, bereziki torneaketari eta hariztatzeari dagokienez.

SIF, Roberto Polvorosak bihar jasoko duen sariaren erakunde emailea, 2004an eratutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 140 bazkide inguruk (unibertsitateak eta Lanbide-Heziketako eskolak, erakundeak eta zentro teknologikoak) osatutakoa, Fabrikazio-Ingeniaritza —alderdi tekniko eta zientifikoetan nahiz industria arloko aplikazioetan— garatu eta sustatzea helburu duena. Fabrikazio-ingeniaritza industria-sistemak diseinatzeaz arduratzen den espezialitatea da, energiaren erabilera, ingurumenaren eta gizakien babesa eta fabrikazio-prozesuen kudeaketa eta kontrola bezalako alderdiei erreparatuta.