Bilboko Miribillako frontoi ikusgarria esku huska pilotaren zaleen ikusmiran izango da igande honetan, Juan Martinez de Irujo iberoarrak eta Mikel Urrutikoetxea zaratamoarrak jokatuko duten Buruz Buruko finalaurrekoa ikusteko. Ikusmira, besteak beste, belaunaldi berriko pilotari bat indarrez datorrelako, dagoeneko 10 urtez kontsakratua den bati lekua kentzeko asmotan. Aurrelari fina izateaz harago, Mikelek buruz burukoan eman ditu erakustaldirik onenak. Bi eskuaz ongi atzeratu nahiz zeharkatuz gain sake luzea eta ondo bideratua du eta errestoan ere maila ona ematen du. Dagoeneko dozenerdi txapeletik gora eskuratu dituen Irujori buruz ezer gutxi dago gehitzeko, zaleak ongi ezagutzen duelako dagoeneko profesionaletan daramatzan 11 urte luze hauetan. Miribillako frontoian sarrera ona espero da lehiak duen garrantziagatik eta nahi edo ezin duenak ETBn zuzen zuzenean ikusteko aukera izango du.
Retegi Bi-k neurri baten historiara igoko den garaipen bat lortu zuen iragan igandean XXI. mende honetako esku pilotari loriatuenaren aurka. Abizen ospetsuko Julenek aparteko emanaldia eman zuen Donostiako Atano III frontoian, aurreikuspen gehienak deuseztatuz eta Aimar Olaizola duintasun osoz gaindituz (11-22). Iruñearren artekoa izango da beraz hurrengo larunbatean Iruñeako Labriten jokatuko finalaurrekoa, Mikel Idoate Txantreakoa dagoenik zain duelako, honek ere, Xalaren aurrean garaipen handi lortu ondoren.