Presoen eskubideen defentsan ekimen bikoitza

uriola.eus 2014ko eka. 6a, 10:00

LAB sindikatuko delegatuak izan ziren atzo preso gaixo larrien askatasuna eta protokoloa abiatzeko galdegin zutenak. Bihar, ekimen bikoitza izango da Bilboaldean. Batetik, Ernaik Basauriko kartzelara oinezko martxa egingo du eta, bestetik, ‘Dispertsioa Amaitu!’ Bilboko dinamika aurkeztuko da.

"Preso gaixoak kalera!" lelopean Ernai gazte erakundeak bihar, ekainak 7 larunbata, 9:00etan abiaraziko du San Inazio auzoko Levante plazan Basauriko kartzelara arteko ibilbidea. Deustu, Alde Zaharra eta Bolueta atzean utzita, 12:30ak aldera aurreikusten da martxaren helduera Basauriko kartzelara.

13:00etatik aurrera Elkartasun Guneak ekingo dio bere bideari, kartzela ondoko landan. Asko dira bertan parte hartuko dutenak eta asko dira antolatutako ekintzak. Besteak beste, preso gaixoen inguruko hitzaldia, elkartasun keinuen adierazpena, bazkaria, gutun bidalketa, poesia errezitaldi musikatua, bertso-saioa eta ekitaldi nagusia -16:45ean-. Partaideetako batzuk honako hauek izango dira: Endika 121 Krew, Iker Revolta Permanent, Gorka Usuaia (Kodigo Norte-Esne Beltza), Ozober, Hutsa, Maria Rivero (Siroka), Erix Perez (Trikizio), Mikel Etxaburu eta Abarkas.

 

Elkartasun Gunea
- 13.00 Elkartasun Keinuak: Endika 121 Krew, Iker Revolta Permanent, Gorka Usuaia (Kodigo Norte-Esne Beltza) eta Ozober
- 13.30 Hitzaldia: preso gaixoen egoera
- 14.15 Elkartasun Keinuak: Hutsa, Maria Rivero (Siroka) + Erix Perez (Trikizio)
- 14.45 Bazkaria + gutun bidalketa
- 15.30 Poesia errezitaldi musikatua: Mikel Etxabururen Hodeiak zapatetan liburuaren errezitaldia
- 16.00 Bertso-saioa Abarkas bertsolariarekin
- 16.45 Itxiera ekitaldia

 

Dispertsioa Amaitu!

Larunbatean, 11:30ean, Arriaga plazan, agerraldia deitu dute Dispertsioa Amaitu! Bilboko dinamika aurkezteko. Dinamika aurkeztearekin batera, datozen asteetan burutuko diren zenbait ekimenen berri ere emango dute. Hainbat sindikatuk, alderdik eta gizarte eragilek eman diote atxikimendua dinamikari. Besteak beste, ELA, LAB, CNT, CGT, ESK, STEE-EILAS, Lokarri eta Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrak.