469 lanpostu berri sortuko ditu, besteak beste, Bilbao 2014 Enplegu Planak

uriola.eus 2014ko eka. 6a, 11:54

Jarduera ekonomikoa sustatzea, hirian enpresa berrien garapena bultzatzea, lanpostuen sorrera indartzea eta prestakuntza eta esperientzia profesionalak erraztea dira Bilbao 2014 Enplegu Planaren helburu nagusiak. Gaur bertan aurkeztu dute plana Ibon Areso alkateak eta Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak.

 

Kooperazio instituzionalaren eta enpresa eta erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetzaren ondorioz egindako ekimen honetan, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromiso partekatua islatzen da, hau da, apustu sendoa hirian enplegua eta aberastasuna sustatzen dituzten proiektuak indartzeko, eta, era berean, auzoen garapen orekatua eta lanpostuak aurkitzeko zailtasun gehien duten pertsonen laneratzea sustatzeko.

Bilbao 2014 Enplegu Plana datutan

Datuak esanguratsuak dira oso. Bilbao 2014 Enplegu Planak 469 enplegu sortuko ditu, 108 proiektu berriren sorkuntza sustatuko du urtebeteko epean, 52 enpresa hobetzen eta finkatzen lagunduko du eta 181 pertsonari eskainiko dizkie gaitasun eta esperientzia profesionala. Ekimen hau abiarazteko aurrekontu osoa 5.304.782 eurokoa da; kopuru horretatik Eusko Jaurlaritzak 4.074.702 euro jarri ditu, Lanbideren bidez, eta Bilboko Udalak, bestalde, 1.230.080.

Bilbao 2014 Enplegu Planean aurreikusten diren 469 lanpostuetatik 163 Bilbao Ekintzak kudeatutako kontratazio zuzenak dira. Beste 120 enpresa berrien sorrerarekin eta lehendik zeuden negozioen hobekuntza eta finkapenarekin lotuta daude; 91 pertsona gehiago kontratatuko dituzte tokiko enpresek, Lanbideren laguntza ekonomikoarekin, eta 95 gizon eta emakume sartuko dira lan-mundura, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ondoren.

Hiria eta auzoak helburu

Bokazio ekonomiko garbia dauka Bilbao 2014 Enplegu Planak, enplegu, enpresa eta prestakuntzara orientatua, baina, era berean, ikuspegi sozial nabarmena ere badauka, ahulezia-egoeran dauden pertsonak laneratzeko beharrizana ase nahi baitu. Horretarako, udal-jarduerak eta esku-hartzeak garatuko dituen programa handizalea burutuko du, zalantzarik gabe hiriko bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen laguntzeko.

Eraikin publikoen birgaikuntza-lanak

Horrenbestez, Bilbao Ekintzak kontratatutako 163 pertsonatik 79k mantentze-lanetan, hiriko brigadetan eta lau eraikin publikoren birgaikuntza-lanetan parte hartuko dute. Eraikinotako bi (Materiales Inflamables, Basurton, eta Zahar Etxe zaharra, Rekalden) etorkizunean AUZO FACTORY proiektura sartuko dira. Proiektu hori, hain zuzen ere, Bilboko Udalak sustatu du, hiriko auzoetara enpresak erakarri eta horrela bertako ekonomia dinamizatzeko asmoz.

Beste bi eraikin ere egokituko dira Bilbao 2014 Enplegu Planari esker, bat Andre Mariaren Bihotza Plazan, dagokionean Sarean Proiektua garatzeko, eta bestea Santutxun, El Karmelo Ikastolako haur-hezkuntzako zikloa zegoen tokian, zentro zibiko bat jartzeko. Hala, ekimen berean Jaurlaritzaren Bilbao 2011-2015 Planeko hiru ardatz batzen dira, enplegua eta jarduera ekonomikoa, oinarrizko zerbitzuak eta auzoen arteko oreka barne hartuz.

Basoko brigadak, hiriko ekipamenduak eta eraztun berdea

36 pertsonak (Bilbao Ekintzak kontratatutako 163 horien artetik) basoko brigadetan egingo dute lan, hau da, landaketak egin eta hiri-altzariak egokitu dituzte aisialdi-guneetan, GR-228ko bazterretan sasiak kenduko dituzte, iturriak, kutxatilak eta hodiak eguneratuko dituzte… Beste 15 pertsonak hiriko ekipamenduak hobetzen, Informazio Geografikoko Sistema eguneratzen eta lorategi publikoetan ureztatze-mekanismoak jartzen arituko dira.

14 pertsonako talde batek aukera-espazioak identifikatuko ditu itsasadarrean eta eraztun berdean eta Alde Zaharra oinezkoentzako prestatzeko plana sustatuko du (hiritarren iradokizunak eta sarbide-baimenen kudeaketa) eta bizikletaren erabilera sustatu eta modernizatzeko plana bultzatuko du. 6 pertsonako taldea arituko da prestakuntzadun informatzaile turistiko gisa, hau da, “hiriko gidariak” izango dira eta bisitari eta turistak orientatuko dituzte, uda honetako hitzordu handietan (BBK Live jaialdia edo FIBA 2014 Saskibaloi Txapelketa Mundiala) arreta berezia jarrita.

Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta sentsibilizazioa, berdintasunaren promozioa, etorkinentzako baliabide eta zerbitzuen jarraipena, alokairuko gizarte-etxebizitzen inbentarioaren hobekuntza, hiriko ekitaldien antolakuntza, kontaktu korporatiboen kudeaketa integrala eta beste ekintza bereziki sozial batzuk egiteaz arduratuko dira 13 pertsona, Bilbao Ekintzak kontratatuak Bilbao 2014 Enplegu Planaren esparruan.

Sektore estrategikoetako prestakuntza

Bilbao 2014 Enplegu Planaren elementu nagusietako bat da hazten ari diren eta lanpostua sortzeko gaitasun altua duten sektore estrategikoekin lotutako gaitasun profesionaletako prestakuntza, batez ere gazteenen artean. Guztira 181 pertsonak aukera izango dute hiriko irtenbideetan, teknologian, diseinuan, ekonomia digitalean, osasunean eta bizi-kalitateko eremuetan dute ezagutza areagotzeko.

181 pertsona horietatik 85 kontratatuko dituzte beren gaitasun profesional berriekin lotutako jardueretan lan egiteko. Kasu zehatz honetan, langabetuak babestu nahi dira, irabazi asmorik gabeko gizarte-erakundeen edota enpresa pribatuen bidez lana eskuratzeko aukerak areagotu ditzaten. Zalantzarik gabe aukera ona da ikasitako ezagutzak praktikan jartzeko.

Gizarte-ituneko politikak sustatzea

Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren erronka bateratua da Bilbao 2014 Enplegu Plana. Izan ere, krisi ekonomikoak lan-merkatuan sortu dituen desorekak gainditu nahi dituzte eta, era berean, beren eskumenen barruan, garapen-eredu bidezkoagoa, sozialagoa eta iraunkorragoa bermatu, hiriko auzoetan arreta berezia jarrita.

Ildo horretatik, Bilbao Ekintzak zuzenean kontratatu dituen 163 pertsonatik ehuneko 30 gutxienez Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) kobratzen egon beharko dira eta gainerako ehuneko 70a gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten taldeetakoa izan beharko da. Enpresa pribatuetan lan egingo duten 91 pertsonen kasuan, diru-laguntzaren ehuneko 50 igoko da DBE jasotzen duten pertsonak, lehen enplegua eskuratzen duten 35 urtetik beherako gazteak eta iraupen luzeko langabetuak sei hilabetez kontratatzeko.

Kontratuak eta diru-laguntzak

Bilbao 2014 Enplegu Planaren bidez sinatutako lan-kontratu guztiek 3 edo 6 hilabeteko iraupena izango dute lanaldi osoan edo erdian eta 2015eko maiatzaren 31 bitartean gauzatu beharko dira. Bilbao Ekintzak sustatutako kontratazioak, edozein kasutan, sei hilabeterako eta lanaldi osoan izango dira. Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez finantzatutako diru-laguntzak honakoak dira:

· Toki-mailan (Bilbao Ekintza) prestakuntza eta kontratazioko proiektuak dituzten irabazi asmorik gabeko gizarte-erakundek egindako kontratazioak.

            - Gehienez 12.500 euro lan-kontratuko.

· Prestakuntza eta kontratazioko proiektuak dituzten tokiko enpresek eta erakunde pribatuek egindako kontratazioak

            - Gehienez 3.000 euro lanaldi osoko 3 hilabeteko kontratuko.

            - Gehienez 6.000 euro lanaldi osoko 6 hilabeteko kontratuko.

            - Gehienez 9.000 euro lanaldi osoko 6 hilabeteko kontratuko, Lanbidek ezarritako lehentasunezko taldeetako pertsonak kontratatzen direnean.

(*) Diru-laguntza lan egindako aldiaren edota orduen araberakoa izango da

Proiektu partekatua

Lankidetza publiko eta pribatuko prozesuaren emaitza da Bilbao 2014 Enplegu Plana eta, hasiera-hasieratik, hirian presente dauden erakunde, elkarte eta agente sozial eta ekonomikoen babes eta laguntza izan du. Proiektu hau errealitate bat da. Izan ere, berau martxan jartzeko orduan hainbat erakunde eta elkarte inplikatu dira, besteak beste, Merkataritza Ganbera, Bilbao Eutokia, Bultz Lan, Emaus, Cáritas Diocesanas, Consultec, Sartu, INIT, Grupo Servicios Sociales Integrados, Fotik Enpresa Elkartea, Sarean, ADSIS Fundazioa, Servicios Prestatzen, Peñascal  Sozietate Korporatiboa, Koopera Sarea eta Lanberri Elkartea.

Hautaketa-prozesua

Bilbao 2014 Enplegu Planean parte hartzeko ez da eskabiderik egin behar. Aski da lau baldintza betetzea: Bilboko herritarra izatea, langabezian egotea, Lanbiden lanpostu-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta 2013ko urriaren 17ko Ebazpenean ezarritako taldeetako bateko kide izatea. Euskal Enplegu Zerbitzuak hasierako hautaketa bat egingo du, eskainitako lanpostuetan oinarrituta, ezarritako irizpideak betetzen dituzten eta eskatutako profilera egokitzen diren horien artean. Bilbao Ekintzak, ekimen honetan parte hartzen duten erakundeekin lankidetzan, azken hautaketa gauzatuko du, elkarrizketa pertsonalen bidez, prozesu ireki eta gardena bermatuz.