Gaur EH Bilduk espainiar erreinuko Koroari exijitu dio Bizkaiko Jauna titulua erabiltzeari uztea. Espainiako konstituzioak Koroari onartzen dizkion tituluen artean dago Bizkaiko Jaunarena eta EH Bilduren ustez Espainiako Koroak ez du inolako zilegitasunik titulu hori bere gain hartzeko eta, beraz, tituluari uko egiteko exijitzen dio Koroari. Gaineratu du Euskal Herriak ez diola inolako zilegitasunik onartzen Espainiako Koroaren inongo ordezkariri, besteak beste, herritarrak hautatu ez dituen ordezkariak direlako.
Marketin kontua
EH Bilduren ustez, Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa itxuraldaketa operazioa da, ukazioan eraikitako eta politikoki agortutako markoa iraunarazteko. Halaber, koalizioak adierazi du abdikazioak ez duela inolako aldaketarik ekarriko, ez baitu herrien ukazioan oinarritutako eredu politiko-instituzionala gaindituko.