Elizabeth Hawkins-Whitshed —Aubrey Le Blond, eta Burnaby andrea ezkondu ostean— da Alpeetako lau mila metroko mendi bat lehendabizikoz eskalatzen lehena izan zen andra. 1884. urtean egin zuen mendizale irlandarrak balentria hura, Bishorn mendian. Harrezkero, Burnaby gaina izena dauka mendi bikiaren ekialdeko tontorrak.
Alpinismoaren kroniketan, ez dago emakume mendizale asko lau mila metroko mendi bat konkistatu duena, lehendabizikoz igo duena. Mendizaletasun klasikoaren artxiboetan, hiru andra aipatzen dira arlo horretan:
– 1884. urtea Elizabeth Hawkins-Whitshed, Burnaby tontorra (Bishorn) –4.134m–
– 1909. urtea Eleonore Hasenclever Croz tontorra (Jorasses Handiak) –4.110m–
– 1926. urtea Éveline Carmichael Eveline tontorra (Aiguille du Jardin) –4.026m–
Lizzieren igoera historiko horretatik, 130 urte beteko dira aurten. Hori dela eta, eskalatzaile irlandarraren amets eta zoriona gogoratuko dute Marimendi taldeko lagunek uztailean. Adierazi dutenez, "gure agurrik eta omenaldi zintzoena" egingo diote Lizzieri, "Burnabyrako bidea guri zabaltzearren".
1884. urteko abuztuaren 6an zabaldu zuen mendizale irlandarrak bidea Bishorn tontorrera. Abuztuan barik, uztailean abiatuko dira marimenditarrak Alpeetara, tartean hiru bilbotar direla.
"Amets eta zorion" lemapean izango da Marimendi Taldearen udako irteera. Hasteko, Monte Rosako mendimultzora eta ostean Alpe Peninoetara, Bishornera, eta Burnaby tontorrera igotzekoak dira.
Marimendiak
Andrak dira marimenditarrak. Berrogei urtetik gorakoak. "Euskaldunak gara bihotzez eta hitzez", diote. Kirola maite dute, batez be mendia: "Mendizaleak gara beraz, eta gure atseginerako eta gure moduko askorentzako akuilu moduan jardun nahi dugu".