Giza katea airetik ikusita

uriola.eus 2014ko eka. 10a, 09:10

Iritsi dira joan den igandean Durango eta Iruñea lotu zituen giza katearen airetiko irudiak. Euskal komunikabideen elkarlanari esker eskuratu ditu URIOLAk.

 
Euskaldunek eta kanpotik etorriek Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroak eskuz esku bete zituzten Gure Esku Dago herri ekimenaren deiari erantzunez. Guztira, 150.000 laguneko giza katea. Erabakitzeko eskubidearen aldeko 300.000 esku lotzeraino. Asko eta asko bilbotarrak.
 
Goizean goizetik urduritasuna nabari zen nonahi bai autobusa bai autoa hartzeko zutenen artean. Eta nola ez, giza katearen arduradun eta boluntarioen artean. Antolaketak bikain erantzun zion arazo eta trabei eta errepideetan ez zen pilaketa handirik izan nor bere kilometrora iritsi ahal izateko. Behin nor bere kokapenera iritsita, beroari aurre egitea izan zen 150.000 lagunen zeregin nagusia atzo goiz-eguerdi partean. Baina ilusioa eta emozioa aringarri izan ziren, zalantza gabe. Giroa paregabea izan zen itxaronaldian eta zer esanik ez 12:00etan txalaparta, adar eta txupin hotsak ordu erdiko giza kate animotsu eta hunkigarria abiarazi zutenean. Argazkiak ateratzen edota bideoa grabatzen jardun zuten motorrak eta helikopteroa pasatzean, esaterako, partaideen oihu eta aldarriak ozen entzun ziren.