Kutxabanken pribatizazioa gaitzesteko giza katea egin dute goizean

uriola.eus 2014ko eka. 11a, 14:16

STEE-EILAS
Hainbat eragile sozialek eta gehiengo sindikalak, giza katea egin dute gaur goizean, Kutxabanken pribatizazioa salatu eta gelditzeko aurrera daramaten kanpainaren baitan. Era berean, ekainaren 21ean Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte hiritarrak.

Goizeko 10:30ean, jendetza bildu da EAJren Bilboko egoitzaren aurrean, Sabin Etxean; eta bertatik giza katea egin dute Kale Nagusiko Kutxabanken egoitzara "Euskal Herrian sistema finantziario publikoa" lelopean. Gaurko martxareren bidez, ekainaren 21ean, 17:30ean Jesusen Bihotzetik "Kutxabank pribatizaziorik ez! Euskal Herrian sistema finantziero publikoa" lelopean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.

Eragile sozial eta sindikalek Kutxen etorkizunari buruzko eztabaidan herriari parte hartzeko aukera eman behar zaiola argudiatuta, manifestazioa deitu dute hilaren 21erako. Antolatzaileek argi utzi zuten ekimenaren aurkezpenean, "gure aurrezkiekin zer egiten den" dagoela jokoan eta beste behin, "etorkizunari begira sekulako garrantzia duten erabakiak" hartzerako orduan, "eztabaidan parte hartzeko aukera ukatzen ari" direla.

Gauzak horrela, manifestazioak Kutxabanken pribatizazioa eta prozesu horren ondorioak salatzea bilatzen du; "pribatizazioak kutxen finikitatzea ekarriko baitu". "Publikoa den guztiaren kontrako eraso baten aurrean" gaudela ere azpimarratu eta darabilten "lege bete behar" hori aitzakia hutsa dela salatu zuten.

Eztabaida jardunaldiak

Kutxabanken pribatizazioa dela eta piztua den eztabaida sozialaren testuinguruan, GITE-IPESek entitatearen egoeraren gaineko eztabaida jardunaldia antolatu du. Lehehengo saioa atzo izan zen, ekainak 10 eta bigarren ekimena, bihar, hilaren 12an ospatuko da EHUk Bilboko Zazpi Kaleetan duen Esperientzien Gelan (Banco de España kalean). Iker Bizkarguenagak gidatutako mahai-ingurua emango da bertan Adrian Zelaia (Ekai Center), Ainhoa Beola (EH Bildu), Mirari Irure (ELA) eta Ainhoa Etxaideren (LAB) eskutik. Besteak beste, Kutxabanken egungo egoera eta etorkizunerako perspektibak aztertuko dira, entitateko arduradunek proposaturiko pribatizazio prozesuan zentratuz. Halako prozesuaren derrigortasunaz mintzatuko dira, Europa eta estatuko legeriaz, fundazio bankarioetara aldatzeaz, bankarizazioari buelta ematearen aukeraz, aurrezki kutxek euki beharko luketen paperaz, ekintza sozialaz edota euskal finantza sistemaren aukeraz.