Juan Carlos erregearen abdikazioa ahalbidetzen duen lege organikoa Espainiako Kongresuak onartu zuen egun berean, atzo Bilbon, udaletxeko eskaileretan, lagun ugari elkartu ziren "Errepublikaren alde" zioen pankartaren inguruan. Ezker Anitza eta GKBko kideak, besteak beste. Eta gazteak, gazte ugari.
Espainiako II. Errepublikako ereserkia, Riego himnoa, eta hiru koloreko bandera errepublikazaleak izan ziren udaletxeko eskaileretan nagusi. Eta oihuak, erregearen kanporaketa eskatzen zuten oihuak: "Demokrazia gehiago, monarkia gutxiago", "erregea kanpora", "borroka da bide bakarra", "bai ahal da, baina ez dute nahi" edota "jo ta ke irabazi arte" bezalako aldarriak entzun ziren.