Hainbat sindikatuk, alderdik eta gizarte eragilek atxikimendua eman diote Bilboko 55 preso politikoek pairatzen dituzten dispertsioa eta muturreko egoerak salatu nahi dituen dinamikari. Joan den larunbatean aurkeztu zuten Bilboko Areatzan eta dagoeneko bi hitzordu zehaztu dituzte lanari ekiteko. Ekainaren 20an, ostirala, 19:30ean manifestazioa egongo da Arriagako plazatik plaza Eliptikora; eta ekainaren 26an, aldiz, elkarretaratzea deitu dute udaletxe aurrean.
Oiarzabalek dinamikaren helburuak gertutik azaltzeaz gain, muturreko egoera bizi duten Bilboko sei presoen berri eman digu; Oihana Mardaras, Alex Akarregi, Iker Agirre, Arantza Zulueta, Txente Askasibar eta Inma Berriozabal, hain zuzen ere.
Oihana Mardaras 2009ko ekainaren 30ean atxilotu zuten Chateau Gontierreko Mayenne departamentuan, autoarekin istripua izan ondoren. ETA kidea izatea egotzi zioten eta 2013k azaroaren 15era bitartean Frantziako espetxeetan egon zen preso. Ibai Mateorekin batera espainiaratu zuten eta egun, Murcia II presondegian dago. Mardarasek isolamendu egoera bizi du.
Alex Akarregi 2003an atxilotu zuten lehenegoz Herbehereetan, handik Venezuelarako hegazkin bat hartzera zihoanean. Herbehereek 2004an Espainiaratu zuten eta urte hartako abenduan, bost urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigorra beteta, 2002an atera zen espetxetik. Frantziako hegoaldean dagoen Compeyre herrian atxilotu zuten bigarrenez 2009ko otsailaren 26an. Ustez, auto bat lapurtzen ikusi zuen herri horretako Udaltzaingoak eta atxilotzera joan zirenean beste auto bateanalde egin zuen. Ihesaldian istripua izan eta beste auto bat hartu eta gero, bigarren istripua izan zuen; orduan atzeman zuten. 2004ko Abuztuaren 25ean funtzionario batek jipoitu zuela salatu zuen. Akarregi ere bakartuta dago egun, Tarasconeko espetxean (Frantzia).
Iker Agirre 2007ko urtarrilaren 25ean atzeman zuten Katalunian, Gironako Port Baun herrian, ustezko ETAko kidea izatea egotzita. Poliziaren esanetan, atxiloketaren unean, Agirrek sei nortasun agiri faltsu, hiru mila euro eta bestelako dokumentazioa zeraman gainean. 2004ean eman zuen Bizkaiko Auzitegiak, Agirre atxilotzeko agindua "atentatu eta desordena publikogatik". 2007ra biratean ihes eginda egon zen. Inkomunikazio garaian torturatua izan zela salatu zuen; orain isolamendua pairatzen ari da.
Arantza Zulueta 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean. Geroztik isolamendu egoeran egon da eta martxoan, Estremerako (Madrid) espetxetik Puerto IIIra (Cadizera) urundu zuten. Aurretiaz ere preso egondakoa da Zulueta; 2010eko apirilean euskal preso politikoen aurka egindako operazioan atzeman zuten, baina baldintzapeko askatasunean kalera atera zen. 2011ko uztailaren 14an, Grande Marlaska epaileak behin-behineko espetxe zigorra ezarri zion talde terroristako kide izatea leporatuta.
San Inazioko Txente Askazibarrek 72 urte dauzka. Egun, Topaseko (Salamanca) espetxean dago preso. Adinagatik eta adinari loturiko hainbat osasun arazogatik Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eskaera egin du. Askasibar 18/98 sumarioan epaitu eta zigortu zuten, bere militantzia politikoaren ondorioz. Hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Dagoeneko eskaeraren 3/4ak beteta ditu eta espetxean jarraitzen du goixo egonda ere.
Inma Berriozabal santutxuarrak, berriz, "hainbat gaixotasun ditu” eta bere osasun egoera kartzelan kudeatzea “zaila” da. A Lamako kartzelan preso dago, Pontevedran. “Jarraipen berezia” behar du Inmak eta kartzelan jarraipen hori “ez zaio ematen”. 2011n, esaterako, jaso behar zituen botikak jaso ez zituelako, bere egoera “asko okertu zen”. Bera ere, 18/98 sumarioan epaitu zuten eta Askasibarrek bezala, zigorraren 3/4ak bete ditu. Gaixotasun asko ditu eta "banaka hilkorrak ez badira ere, denak batuta bere bizitza arriskuan jartzen dute".
Gogoraraztea, Inmaren egoera salatzeko gaur, 20:00etan, manifestazioa egingo dutela Santutxuko Egunkaria plazatik.
Mozioa udalbatzarreko Osoko Bilkuran
Bilboko preso politikoen eskubideak berma daitezen eskatuko duen mozioa aurkeztuko du EH Bilduk ekainaren 26ko Udal Batzarrean. Oiarzabalek adierazi duenez, Udaleko alderdi guztiekin hitz egin dute dinamikako ordezkariek eta "ondo hartu dituzte"; hala ere, "ez dute inolako konpromisorik zehaztu". Beraz, mozioaren aurrean alderdiek zer erabakiko duten zain geratu dira; jakinda, "euren zeregina ere badela bilbotar presoen oinarrizko eskubideak bermatzea". Udal Batzarraren egunean, elkarretaratzea deitu dute udaletxe aurrean.