Udalak eta Metapostak hitzarmena sinatu dute internet bidezko postontzi eta kutxa gogor sistema ezartzeko

uriola.eus 2014ko eka. 12a, 09:00

Bilboko Udalak eta Metapostak Interneten bidez postontzi eta kutxa gotor elektronikoaren sistema garatzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Horri esker, erabiltzaileek dokumentuak formatu digitalean jaso eta fitxategian gordetzeko aukera izango dute, isilpekotasun nahiz segurtasun tekniko eta juridiko osoaz.

Honako hitzarmen honen xedea Bilboko Udalak herritarrekin dituen komunikazioetan Metaposta sistemaren erabilera sustatzea da. Hasiera batean, Metaposta sistema udal zerga eta tasei buruzko dokumentuak igortzeko erabiliko da, baina etorkizunean Udalaren beste zerbitzu eta sail batzuetara zabaltzeko aukera dago.

Horretarako, Bilboko Udalak eta Metapostak lankidetzarako kanal iraunkorrak edukiko dituzte, arlo horretako sinergiak eta esperientziak partekatuta. Ildo horretan, Metapostak udal sistema informatikoari lotzeko beharrezko asistentzia teknikoa eta laguntza eskainiko ditu. Gainera, antolakuntzan eta maila teknologikoan behar diren irtenbide guztiak ezarriko ditu zerbitzuaren erabiltzaileen datu pertsonalen osotasuna zaintzeko, une orotan datu horiek galtzea, beste batek erabiltzea edo baimenik gabe ikustea eragotzita.

Azkenik, Metapostaren bidez udal dokumentazioa modu digitalean jasotzeko eta fitxategian gordetzeko zerbitzu berriaren abantaila guztiez baliatu ahal izateko, erabiltzaileek aldez aurretik askatasunean emandako zalantzarik gabeko haien baimen espezifiko eta informatua erakutsi beharko dute.

Udal zerga eta tasei buruzko dokumentazioa

Hasieran, Metaposta sistemak, formatu digital edo elektronikoan, aldizka eta jakinarazpen kolektiboaren bidez kobratzen diren udal zerga eta tasei buruzko dokumentuak edo mezuak soilik bidaliko ditu.

• Ibilgailuen gaineko Udal Zerga

• Ondasun Higiezinen gaineko Udal Zerga (OHZ)

• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ)

• Kalean Aparkatzeagatiko Tasa (Egoiliarren Txartelak)

• Estolderia Tasa

• Autotaxien Tasa

• Udal Jabari Publikoaren Erabilera Pribatiboen eta Aprobetxamendu Berezien bidezko Tasak

• Erakusleihoak, bitrinak, apaindutako atariak, olanak eta markesinak instalatzeagatiko tasa

• Publizitateko elementuak dituen hegala edo zorua okupatzeagatiko tasa.

• Espaloietan zehar finken barrualdera ibilgailuak sartzeagatiko tasa.

• Kalean aparkatzeko erreserbagatiko tasa.

Hala ere, Bilboko Udalak eta Metapostak sinatutako hitzarmenak zirrikitua uzten du Udalaren beste zerbitzu eta sail batzuen informazioa sartzeko eta izaera pertsonalagoa duten dokumentuak igortzeko, esate baterako, nominak, fakturak, jakinarazpenak edo albisteak, betiere publizitatekoak ez badira.