Absolbitutako gazteen esanetan argi geratu da torturatuak izan zirela

uriola.eus 2014ko eka. 12a, 09:02
Atzo jakin zuten 26/11 auzian epaitutako 40 gazteek Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman ziela. Gaur, agerraldia egin dute Iruñean ebazpenaren balorazioa jendarteratzeko asmoz. Azpimarratu dutenez, torturatu egin zituztela agerian geratu da.

Segi gazte antolakundeko kide izatea egotzita, urrian hasi zen 40 gazteen aurkako epaiketa, haien artean, Karlos Renedo Otxarkoagako auzotarra. Fiskalak seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen haientzat inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta.

Absoluzioaren berri jakin eta hurrengo egunean, gaur eguerdian, prentsaurrekoa eman dute gazteek euren balorazio ezagutzera emateko. Haien hitzetan, torturatuak izan zirela agerian geratu da baina konponbideak "berrogei militante" irabazi dituela ere gehitu dute; "Guk sufritu egin dugun arren, prest gaude gure alea jartzeko mendekuan baino gehiago, justizian oinarrituriko etorkizun berri baten alde".

Aipatzekoa da, Karlos Renedo otxarkoagarrak eta Itsaso Torregrosak, babesa adierazi dietela asteartean atxilotu eta inkomunikaturik egon den Tomas Madinari, eta bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dieten Jon Telletxea eta Urtzi Martinez Deustualdeko grebalariei.