Bildu, Equo eta Animalien Aldeko Bizkaiko Elkartea, bigantxa eta sokamuturraren aurka

uriola.eus 2014ko eka. 13a, 08:15

www.colectivoantitaurino.org
Bigantxak eta sokamuturra Aste Nagusiko egitarautik alboratu zituen Udalak "gizartearen eskari urriagatik eta sortzen zituen zauritu ugariengatik". Aurten, baina, Vista Alegre zezen plazara itzuliko dira. Gaur udaletxean eginiko agerraldian EH Bildu, Equo eta Animalien Aldeko Bizkaiko Elkarteak proposamen bateratua aurkeztu dute.

Vista Alegreko zezen plazan eta Misericordia Etxean Udalak dauzkan ordezkariek "bigantxen eta sokamuturra ekitaldiekin bat ez datozela agertzeko" eskatu dute gaur goizean EH Bilduk, Equok eta Animalien Aldeko Bizkaiko Elkarteak. Hiru erakundeen aburuz "gizartearen eskari urriagatik eta sortzen zituen zauritu ugariengatik" alboratu zituen Udalak bi ekitaldi hauek Aste Nagusiko egitarautik.

Helena Gartzia EH Bilduko zinegotziak salatu duenez, "animalien aurkako tratu txarrak zezen plazaren kontuak egokitzeko erreminta gisa erabiltzen dira". Aurtengo Aste Nagusirako Vista Alegren antolatu diren bigantxen ikuskizuna "zezenketen irudia garbitzeko saiakera bat da" Gartziaren esanetan, eta "plaza kudeatzen duen enpresaren irabaziak handitzeko balio izango du".

Zezen ikuskizunen dekretua (183/2008) kontutan hartuta, Eusko Jaurlaritzak "ezin dio baimenik eman ikuskizun honi", EH Bildu, Equo eta Animalien Aldeko Bizkaiko Elkartearen iritziz. "Bilboko Udalak ezinezkoa duelako ikuskizun honen errotze herrikoia egiaztatu”.

Bigantxak eta sokamuturra bezalako ikuskizunetan segurtasun neurriak "urriak" direlako eta adin txikikoek "sarritan" parte-hartzen dutelako arduratuta agertu dira hiru erakundeak. “Ezbeharren bat gertatzera itxaron beharko dugu segurtasun neurriak hartzeko”, galdegin dute.