Hile eta erdi izan dute Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdiek Sabin Anuzita zinegotziak aurkeztu zien Euskararen Akordioa izeneko 14 puntuko txostenari ekarpenak edota zuzenketak egiteko. EH Bildu koalizioa bere zuzenketak baztertzeko prest agertu da "denen arteko akordioaren mesedetan". PSE-EE ere akordioaren aldekoa zen. Aurka agertu den bakarra PP alderdia izan da, euskaren gaineko eztabaida piztuz.
"Pena" sentimendua aipatu du Sabin Anuzitak akordioa, aho batez ezin onartuta, baztertzea erabaki duenean. Harriduraz entzun ditu Luis Hermosa PPko ziengotziaren hitzak, eta "errespetu falta" leporatu dio. "Gaur proposamena onartzekoak ginen. Hile eta erdian ez dugu PPren ekarpenik jaso, ez telefono deirik `hau txarto iruditzen zaigu´ esanez". Anuzitak popularren jarrera gogor kritikatu du, Gasteizko legebiltzarrean eta Bilboko Udalean desberdin jokatzea egotzi die; "Euskadiko Euskararen Aholku Batzordean akordioa lortzea posible da eta hemen ez", galdegin dio PPko ordezkariari.
Luis Hermosa PPko zinegotziaren arabera, proposamena ezin da "arinekatan" onartu, "apurketa eta zatiketa" sortzen duenean, "lehen eta bigarren mailako bilbotarrak egiteraino". Bilboko euskararem errealitateak ez du zerikusirik Euskadiko beste herri batzuetakoarekin Hermosak gaurko batzorde bileran adierazi duenez: "Euskararen egoera Bilbon eta Mutrikun oso bestelako da". PPko eledunaren esanetan Bilbon erabiltzen da "gutxien" euskara. Hortaz, Euskadiko Hizkuntza Politikarako Batzordearen gomendio eta planak "ezin dira Bilbora estrapolatu".
EH Bilduko David Lopategi zinegotziak PPk "inolako akordiorik" sinatu nahi ez duela adierazi du, eta euskara bultzatzeko ekimenetan EAJri babesa emateko prest agertu da.
Ezustekoa
EAJk ez zuen PPren ezezkoa espero gaurko lan batzordean. Euskara Saileko iturri batek aipatu duenez, "ezustekoa" jaso dute. Proposamena baztertu ostean, Sabin Anuzitak lan batzordeari bilera dei berri bat luzatuko dio.