Bilbok Memoria Historikoaren legea urratzen jarraitzen duela salatu du EHBilduk

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Bilbo 2014ko eka. 19a, 09:00

2012az geroztik Udalak, azalpenik eman gabe, egiteari utzi zion Frankismoaren biktimei omenaldia berrartu du koalizio soberanistak gaur goizean.

Gaur 77 urte betetzen dira Frankoren tropak Bilbora sartu zirela. Data honen inguruan Udalak frankismoak eragindako biktimei omenaldia antolatzen zuen urtero. Hala ere, 2012tik, inolako azalpenik eman gabe, Udalak uko egin dio omenaldia antolatzeari. Hori dela eta, EHBilduk biktimei egiten zitzaien ekitaldia berrartu du eta omenaldi xume bat antolatu du gaur goizean Casilda parkean. Aitziber Ibaibarriaga bozeramaleak, Bilbok Memoria Historikoaren legea urratzen jarraitzen duela salatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren irizpena betetzeko Memoria Historikoa lantzen duten taldeei zabalik egongo den batzorde bat eratzea proposatu du.

Ibaibarriagak adierazi du EHBilduk ez duela bat egiten Udalaren jarrerarekin eta ezin du ulertu zergatik Udalak uko egin dion omenaldia antolatzeari. “Bilbon atzerapausoak ematen diren bitartean, Donostian bide zuzenean doaz eta bertan memoria historikoak duen garrantzia aintzat hartzen da”.

EH Bilduko bozeramaleak frankismoaren inguruan lan handia dagoela egiteko adierazi du. “EAJk jarri dituen oztopoen gainetik, alkate faxistak inoiz ez zegokien ohorezko leku batetik kentzea lortu izan dugu. Baina hori ez da nahikoa”. Jarraian, Bilbo Memoria Historikoaren legea urratzen jarraitzen duela salatu du Ibaibarriagak. Adibide gisa jarri du ekitaldia Falangearen sortzailetariko bat eta Frankoren ministro izandako Sánchez Mazas-en pasealekuaren ondoan egin behar izana.

Ibaibarriagak gogoratu du EAJk kaxoi batean duela gordeta otsailetik gai honen inguruan Eusko Jaurlaritzak egindako txostena. Izan ere, Gasteizko gobernuaren irizpenak beste hainbat gai jorratzen ditu, besteak beste, kale izendegia, ikurrak, etxebizitzetako plakak eta ohoreak eta dominak. Txostenean Bilbo etengabe agertzen da memoria historikoaren urratzaile gisa. Horregatik bozeramale ezkertiarrak Eusko Jaurlaritzaren irizpena betetzeko Memoria Historikoa lantzen duten taldeei zabalik egongo den batzorde bat eratzea proposatu du.

Bukatzeko, memoria historikoa bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu du. Ezin ahaztu frankismoa milaka pertsonen hilketa eta desagerpena sustatu zuen erregimen antidemokratiko bat izan zela”, adierazi du Ibaibarriagak.