Monarkiaren aurkako erantzun anitz eta bateratua Bilbon

uriola.eus 2014ko eka. 20a, 10:18

Herritar ugari batu ziren atzo aho batez "monarkia kanpora" oihukatzeko Bilboko kaleetan. 4.000 lagun inguru izan ziren Udaletxetik Eliptika plazara eta handik Arriagara arteko ibilbidea egin zuten manifestariak. Izan ere, deialdi bateratua zen, hainbat alderdi era gizarte eragilek deitua, eta horri esker parte-hartze eta aniztasun handia izan ziren nagusi.

Manifestazio jendetsua izan zen atzokoa zalantzarik gabe. Beroa, tenperaturagatik eta oihu ugariengatik eta koloretsua partehartzaileek zeramatzaten ikurrengatik.

"Monarkia kanpora" izan bazen ere gehien errepikatu zen mezua, bestelako oihuak ere entzun ziren manifestazioak aurrera egin ahala. Besteak beste, Borboien eta kapitalismoaren aurkakoak edota errepublika eta independentziaren aldekoak.

Banderek eman zioten kolorea martxari. Espainiako II. Errepublikako banderak, ikurrinak eta Nafarroako erreinuko banderak ugariak izan ziren manifestarien esku artean.

"Monarkiari ez, hiritarrek erabaki" zioen pankarta buru zuen protestaldia 20:10ean abiatu zen Udaletxetik, atzerapen apur batekin. Haren atzean ehunka lagun, milaka batzuk. Bertaratu ziren kazetarien arabera, 3.000 eta 4.000 lagun bitartean. Juan Carlos I.aren abdikazioa ezagutu zenetik, Bilbon jarraipen handiena izan duen ekitaldia izan zen atzokoa. Horren adibide, ibilbidea osatzeko manifestariek behar izan zuten denbora. Ia ordubete.

Frankismoaren inpunitateari ez. Egia eta Justizia, hemen eta orain

Bilbotarrentzat "egun berezia" zen atzokoa, ekainaren 19a. "Zoritxarrekoa". Atzoko egunez, 1937an, tropa frankistek Bilboko hiria hartu baitzuten. Iaz egin bezala, Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak elkarretaratzea burutu zuen Arriaga plazan, "frankismoren krimenen zigorgabetasunaren aurka bere jarrera tinkoa adierazteko". Monarkiaren aurkako manifestazioa paretik pasatzen bat egin zuten elkarretaratzean parte hartu zuten lagunek.

Errepublikaren aldeko mozioa Udalbatzerreko Osoko Bilkuran

EHBildu, Podemos–Ahal dugu, Ezker Anitza, Equo eta Ezker Batua talde politikoek eskatuko dute ekainaren 26ko Osoko Bilkurak erregimen errepublikar baten aldeko hautua egiten dezala, zeinetan Estatu burua herritarren borondatez aukeratuko den. Honetaz gain, prozesu konstituziogile bat eratzeko deia luzatzen dute. Joan den astearteko agerraldian alderdi hauek azpimarratu dute aipatutako prozesuak izaera demokratikoa eta parte-hartzailea izan beharko duela, herritarrek hitza izan beharko dutela hasieratik bukaeraraino eta, gutxienez, herriek duten erabakitzeko eskubidea aitortu zein erabakitakoa errespetatzeko bermeak izan beharko dituela.

David Lopategi, EHBilduko zinegotziak adierazi du Juan Carlos Borboikoaren Abdikazioa, “Frankismotik eratorritako eredu politiko-instituzionalaren krisi sakonean beste urrats bat gehiago izan dela. Gaur da eguna noiz Frankok utzitako “lotuta eta ondo lotuta”-ko Estatu ereduak demokrazia eza, herrien ukazioa eta diktadura frankistarekiko haustura demokratiko eza ordezkatzen ditu”.

Azken urte hauetan izandako mobilizazio jendetsuek "argi utzi dute" Lopategiren esanetan aipatutako eredu politikoa ez dela gai izan "Espainiako estatuaren menpeko herrien zein Estatuko herritarren aldarrikapen demokratikoak geldiarazteko. Atzeraezinezko prozesuak ari dira eraikitzen. Herriak, herritarrak eta eskubide demokratikoak protagonista diren prozesuak hain zuzen ere. Bitartean, eredu politiko-instituzional honen krisiaren adierazle argia da, PP eta PSOEk, eta ordezkatu duten bipartidismoaren zilegitasun eta sinesgarritasun krisia”.

 

[2014-06-19] Errepublika eta herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko martxa bateratua gaur Bilbon

[2014-06-17] Monarkiaren aurkako martxa bateratua antolatu dute Bilbon ostegunean

[2014-06-12] Errepublikazaleek udaletxeko eskailerak hartu dituzte

[2014-06-11] Beste behin errepublikaren aldeko aldarria kalera aterako dute

[2014-06-06] Errepublika aldarrikatzeko hitzordu berriak

[2014-06-03] Plaza bete errepublikazale